Nepaldarrei laguntzeko deia egin dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 13a, 17:44
Tolosaldean bizi diren nepaldarrez inguratuta egin dute deia

Nepal suntsitu duten bi lurrikarak direla eta, Tolosako Udalak laguntza eskatu die herritarrei. Udalak berak,  6.000 euroko ekarpena egingo du.

Silvana Ostiza Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, nepaldarrek bizi duten egoera "oso latza" da, baina ez lurrikarengatik  bakarrik. "Izan ere, Nepal munduko herrialde txiroenetako bat da, desnutrizio maila handienetakoa du, 400.000 adingabek desnutrizio zorrotza bizi dute", esan du.

Himalayan azken 80 urteetan gertatu den lurrikararik gogorrena izan eta gero, baldintza klimatologiko zailak eta ur, argindar eta komunikazio gabeziek erreskateak oztopatzen ari direla ere gogoratu du zinegotziak. "Gobernuak larrialdi egoera agindu du eta laguntza humanitarioa eskatuz nazioarteko komunitateari deialdia egin dio", eta deiari jarraituz Tolosako Udalak ekarpena egitea erabaki du, eta baita tolosarrei lagundu dezaten eskatzea ere. Zentzu horretan, eta Rokpa Euskadi erakundearen bidez, 6.000 euroko ekarpena egingo du udalak.

Laguntza hori, dena den, ez da nahikoa izango eta horregatik egin die dei herritarrei ekarpena egin dezaten. Asier Izagirre mendizale tolosarrak egin du deia: "Biltzen den dirua Rokpa Euskadi erakundeak jasoko du eta honek proiektu zehatz batean inbertituko du dirua: egunean 4.000 pertsona ingururen beharrak asetzeko ur edangarria sortzeko planta eraikiko du". 

Bestalde eskualdeko Hegoaldeko Herriak elkarteko Joseba Iparragirrek botikak eta bestelako laguntzak bidali ahal izateko laguntza biltzen ari direla ere esan du. Sentsibilizazio kanpaina bat hasi dute eta horren barruan larunbatero biltzen dira Tolosako azokaren inguruan eta informazioa emateaz gain, dirua biltzen dute. "Hegoaldeko Herriak elkarteak han bertan azpiegiturak ditu eta horrek laguntza zuzena eman ahal izatea ahalbidetzen du", esan du.

 

Rokpa Euskadi, 20 urte elkartasunean

Rokpa Euskadi 20 urte daramatza tibetar baserritar biztanleriaren pobrezia egoera hobetzeko lanean. Bere helburua Nangchengo gizon eta emakumeen bizi kalitatea hobetzen laguntzea da, batez ere, landa eremuan bizi diren eta bazterketa pairatzen duten baserritar, nomada eta erdi nomadei laguntzea. Horretarako Tibeteko Yushu herrialdean familia pobreenen eta nomaden seme-alabentzako, kaleko haurrentzako eta umezurtzentzako eskola eraiki zuten 1990eko hamarkadan. Eskola horretan lehen eta erdi mailako ikasketak eta medikuntza tibetarreko goi mailako prestakuntza eskaintzen dituzte.

 

Rokpa Euskadik kudeatutako kontu korronteak:

Kutxabank: 2101 0092 17 0010299584

Euskadiko Kutxa: 3035 0006 46 0600104607

Caixa: 2054 2024 09 9163776050

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!