Ikasleek mugikortasunaren inguruko proposamenak helarazi dizkiote udalari

Mikel Iraola 2015ko mai. 13a, 17:10

Tolosako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu eta erregaiek sortzen dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko proposamen eta eskakizunak helarazi dizkiote udalari.

Eskolako Agenda 21 proiektuaren barruan, mugikortasuna eta horretarako erabiltzen den energia mota aztertu dute aurten. 4.177 ikasle, irakasle, guraso eta ikastetxeetako gainontzeko langilek hartu dute parte proiektuan eta gaur izan da ondorioak, konpromisoak eta proposamenak udalari azaltzeko eguna. Horretarako, pleno aretoan Ibai Iriarte alkatearekin, Hasier De los Rios zinegotziarekin eta bi udaltzainekin bildu dira.

Mugikortasuna

Lehen Hezkuntzako ikasleek ibilgailuen arrisku eta eragozpenak, kaleetan ibiltzeko erraztasun eta oztopoak, eta mugikortasun ohiturak aztertu dituzte. Hauexek izan dira ondorioak:

  • Santa Luzia auzoko bidegorritik bizikletak ziztu bizian jaisten dira eta arriskutsua da.
  • Larramendi auzoko Uzturre kalean ere garajeetako kotxeak bidegorrian eta espaloian sartzen dira
  • Gehienek bizikleta aisirako eta denbora librerako bakarrik dela pentsatzen dute.

Horren aurrean, bizikleta, patinetea eta garraio publikoa gehiagotan erabiltzeko konpromisoa hartu dute haurrek, eta horrekin batera, errepideetako seinale eta arauak errespetatuko dituztela diote. Udalari ere hainbat proposamen egin dizkiote:

  • Bizikletak alokatzeko sistema jarri eta lortutako dirua herria hobetzeko erabiltzea
  • Kaleak konpondu, zebrabideak egokitu eta handitzea
  • Bidegorria hobetzea: zabalagoa, seguruagoa eta ondo margotua jarri
  • Autobusen ordutegia, ibilbidea, markesinak eta geldiuneak hobetzea

Burujabetza energetikoa

DBH, Batxiller eta lanbide heziketako ikasleek berriz, petrolioarekiko menpekotasunaz, klima aldaketaz eta burujabetza energetikoaz hausnartu dute. Hona hemen ondorio nagusiak:

  • Kontsumoa gutxitu behar da
  • Garraioan kontsumitzen den energiaren datuak ezagutzera aman behar dira
  • Garraioaren ondorioak erlazio zuzena du klimaren aldaketarekin
  • Produktuen jatorria ezagutzeak baldintza dezake gure erabakia erosterakoan
  • Kotxe propioen erabilera oso altua da eta garraio publikoa erabili behar da

Hori dela eta, hondakinak berrerabiltzeko, bigarren eskuko produktuak erabiltzeko, bertako produktuak kontsumitzeko eta 'Stand by' saihesteko konpromisoak hartu dituzte, besteak beste. Udalari zuzendutako proposamenak ere egin dituzte:

  • Garraio publikoa erabiltzen dutenak konpentsatu (puntu sistema bidez adibidez)
  • Garraio publikoa merkatu eta maizago jarri
  • Bidegorria luzatu eta bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema jarri
  • Energia berriztagarriak bultzatu eraikin publikoetan

Ibai Iriarte alkateak, haurrek "herriarekiko duten interesa" azpimarratu du. "Garrantzitsua da haurren hitza entzuna izatea, eta entzuteaz harago kasu egitea. Badago zer egina. Poza ematen dit udala ere horretan dagoelako". Iriartek gaineratu duenez, Agenda 21en lana "oso garrantzitsua da, gaztetatik kontzientzia sortzen delako".

Inma Perez, Tolosako ingurumen zentroko arduradunak, berriz, azaldu dute zein izango den hurrengo urterako gaia: kontsumoa. "Gehiegizko kontsumoa egiten dugu, eta horren inguruan hausnartu nahiko genuke haurrekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!