«Jokalari guztiak hobetzeko gai izan dira, eta gehiago hobetu nahi dute»

Mikel Iraola 2015ko mai. 12a, 14:03

Errioxaren aurka 77-71 galduta esan dio agur TAKEk denboraldi «ahaztezin» honi. Yon Gonzalez entrenatzaileak atzera begiratua egin du EBA mailako lehen urtea analizatuz.

Nola baloratzen duzu urtea?
Estutasunik gabe mantendu dugu maila, amaitzeko hilabeteren faltan, eta denboraldian zehar nahiko lasai ibili gara sailkapenean, beti bi garaipeneko tartearekin. Horrek lasaitasuna eman digu. Jaitsiera postuetan ikusi izan bagina, presioa sortuko litzateke, eta zailagoa izaten da. Partida onak egitea lortu dugu, baita etxetik kanpo ere. Usabal ere bete izan da. Eta jokalari guztiek aurrerapauso bat eman dute. Bazirudien pasa den urtean gure maila gorenera iritsi ginela, baina aurten asko saiatu gara, eta denak izan dira hobetzeko gai.

Azkenean 14 garaipen eta 12 porrot. Espero zenuen horrelakorik?
Egia esan ez. Maila mantentzeko hamar garaipen beharko genituela aurreikusi genuen, eta etxeko garaipenetan oinarritu nahi genuen helburu hori. Baina etxetik kanpo ere irabazteko gai izan gara eta beste askotan gogor lehiatu dugu. Horrek eraman gaitu 14 garaipen lortzera, pronostiko guztiak hautsiz.

Aurkariek TAKE ez ezagutzea abantaila izan da sorpresak emateko?
Lehenengo jardunaldietan ezezagun izateak plus bat eman zigun. Scouting-ak garrantzia dauka, eta bereziki lehen jardunaldietan izan zen garrantzitsua ezezagun izaera hori.

Zer azpimarratuko zenuke taldeari dagokionez?
Konpromisoa. Exijentzia handiko urtea izan da, gehiago entrenatu behar izan dugulako, eta eduki gehiago landu. Lehen taldean oinarritzen ginen, baina aurten gimnasioko lana eta aurkarien bideoak gehitu dizkiogu lan horri. Karga hori ondo onartu dute denek. Hobetzeko gai izan direla demostratu dute, eta hobetzen jarraitzeko gosez daude oraindik ere.

Zerbaitek harritu zaitu?
Talde honen entrenatzaile naizen seigarren urtea da hau eta dagoeneko ondo ezagutzen dut. Gehiago harritu nau EBAren egiturak eta mugitzen diren aurrekontuek. Baina taldeak esperotako maila eman du.

Entrenatzaileentzat ere aurrerapauso bat izan da urte hau?
Bai. Pertsonalki, presioa gainditzeko gai ikusi dut nire burua. Une garrantzitsuetan beti dago beldur sentsazio bat blokeatzen zaituena. Baina aurten horrelako egoerak kontrolpean izan ditugu.

Zein izan da unerik bereziena?
Gogoan dut Santanderren irabazi genuenekoa. David Goliaten aurkako partida bat izan zen: 6.000 ikuslerentzako kantxa batean, bi amerikarren aurka, hirugarren amaitu duen talde baten aurka... Taldea zoragarri egon zen, bere bururengan sinetsi zuelako.

Ordutik aurrera askatu eta hasi zen TAKE bere onena ematen?
Bi porrot jarraian jasota joan ginen Santanderrera. Zalantza txiki batzuk zeuden planteamenduei dagokienez. Ea gai izango ote ginen ligari aurre egiteko, eta abar. Baina aurrerapauso bat eman zuen taldeak eta eguberrietara lasaiago joan ginen.

Lehen jardunaldian irabaztea ere garrantzitsua izan zen. Nola bizi izan zenuen lehen garaipen hori?
Nire buruari presio handia jarri nion. Denbora behar izaten da denboraldi hasieran, baina bagenekien erabakigarria zela, aurkari zuzena zelako. Irabaztea liberazio handi bat izan zen.

Zerk poztu zaitu gehien?
Partidak irabazi ahala jende ugarik zoriondu gaitu, baina gehien gustatu zaidana izan da lehenengo aldiz Usabalera joan den batek esan duenean ‘ze ikuskizuna, hurrengo astean itzuliko naiz’. Horrek asebete egin nau.

Hasi zarete dagoeneko datorren urtean pentsatzen?
Taldearekin bildu behar dugu, zer pentsamendu duten jakiteko. Espero dugu blokea mantentzea. Beñat Azaldegi berreskuratuko dugu eta ea Josu Arregik ze asmo dituen. Gustatuko litzaidake filosofia berarekin jarraitu eta jokalari berdinekin beste urtebetez EBAn mantentzea lortzea.

Orain bulegoko lanak hasiko dira. Zer gustatuko litzaizuke lortzea?
EBAk lan asko eskatzen du eta klubak esfortzu handia egin du bere egitura sendotzeko. Babesle bat topatzea gustatuko litzaidake lan hori arintzeko. Ez da gauza bera babes ekonomikoa edukitzea edo azken xentimoarengatik borrokan aritzea.

Ze mezu utziko zenuke datorren urteari begira?
Talde askok gutxietsi egin gaituzte, eta demostratu dugu gai garela edonorekin lehiatzeko. Badakigu zaila izango dela bosgarren postua errepikatzea, baina argi daukagu edonoren aurka edozein kantxatan borrokatu egingo dugula.

JOKALARIEN HITZETAN...

Mikel Lakunza
«TAKE-ren historiaren parte izateak ematen duen ohorea eta harrotasuna»

Ion Izagirre
«Ezina, ekinez egina»

Julen Aranzabal
«Taldeko ilusio eta lanarekin zailtasunei bikain aurre egin zaion denboraldia izan da»

Alain Rekondo
«EBA-n ere talde lana garaile, bai kantxa barruan baita kanpoan ere»

Ibai Gil
«Aurtengo denboraldia ezin hobea izan da eta horrelako gehiagoz gozatzeko aukera izatea espero dut»

Jon Azaldegi
«Intentzio ona eta ilusioaren eskutik, gozatu ederra saskibaloi zale denentzat»

Gaizka Maiza
«Talde honen klabeetako bi: kantxatik kanpoko giroa eta lana»

Iñigo Moreno
«TAKEko zaleek egindako esfortzu eta jarraipen guztia kantxan islatzen saiatu gara denboraldi osoan zehar»

Miguel Cruz
«Denboraldi ahaztezina»

Iñaki Amondarain
«TAKEk gauzak ondo egiteagatik jaso duen saria izan da denboraldi hau»

Kaiet Vidaurre
«Talde lana, TAKEren indarra»

Karim Birawi
«Ikasteko eta jokalari bezala hobetzeko denboraldia izan da. Saskibaloi aro berri baten hasiera»

Goar Artetxe
«Ilusioa, hobetzeko nahia, elkarlana, indarra... Irabazteko jokatzen degu, disfrutatzeko eta gure inguruko jendea pozik ikusteko!»

Joakin Iturralde
«Sekulako urtea kantxa barruan zein kanpoan!»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!