Hasiera ikusgarria eman diote San Joan Sariari

Asier Imaz 2015eko maiatzaren 9a

Lau t'erdiko txapelketako hiru partida jokatu dira Beotibarren. Eskualdeko bi ordezkariek euren lehia irabaztea lortu dute: Arrutik eta Egigurenek.

Partida ikusgarriak, txapela kentzeko modukoak, zein baino zein hobeak... eta horrelako esaldiekin laburbildu dute gaur goizeko jaialdia, Tolosako Beotibarrera gerturatu direnek.

San Joan Saria gaur hasi da, eta afizionatu mailako pilotari onenak bertan egongo dira, lau t'erdiaren barruan. Lehen partida kadeteen artekoa izan da, eta Intxurreko Arrutik Iriarteri 18-15 irabazi dio. Tanto baten faltan azkar jarri da Arruti, baina kosta egin zaio partida istea, eta azkenean aurkariak 15 egin dizkio. Hala eta guztiz ere merezitako garaipena lortu du Intxurre Pilota Eskolako pilotariak.

Jaialdiko bigarren partida, promesena, oso borrokatua izan da. Eta Egigurenek, beti bezala, duen guztia utzi du kantxan. Lehia Mikel Goñik irabaziko zuela ematen zuen, baina 22ra iristeko bi tanto falta zitzaizkiola, Egigurenen susperraldia etorri da, eta markagailua irauli du. Garaipena, beraz, azkenean tolosarrarentzat izan da 22-20.

Elite mailako hirugarren partida emaitza horrekin amaitu da. Dorronsoro 15-20 aurreratu da azken txanpan. Santxok, ordea, ez du etsi, eta azken zazpi tantoak jarraian egitea lortu du. Lehia amaitutakoan bi pilotariak arnasari buelta emateko lurrean etzan behar izan dute. Beotibarreko ikusleek gogotik eskertu dute bien lana eta esfortzua, eta txapela kentzeko moduko partida ikusi dutela onartu dute. Gogorra, borrokatua, tanto ederrez betea,... ikusgarria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!