Ferialekua sormenez borborka

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko maiatzaren 9a

Lapiko Fest egitasmoko azken txanpa izango da, arratsaldetik goizaldera bitartekoa; kirola, merkatua, musika eta janari-edariak osagai perfektuak izango dira, gozamenaren lapikorako.

Atzo iluntzean ekin zioten bigarren Lapiko Fest egitasmoari, eta gaurko egitarauak indar eta abiada bizia emango dizkio jaiari, Ferialekuan. Sormena da protagonista, eta sormena borborka da, jada, eskulangintzan, saskibaloian, bizikleta gainean nahiz oreka mantentzeko artean.

Tolosako eragile eta kolektiboen osagai erakargarrienak bildu eta errezeta tentagarria prestatu nahi izan dute bigarrenez, eta pixkana betetzen ari da Ferialekua, 3x3 txapelketari, merkatuko postuei nahiz slackline erakustaldiari begiratzeko. Gaztetxoenek, berriz, bizikleta gaineko bike trialaz gozatzeko aukera dute gaur, horretarako prestatu baitiete, bereziki, zirkuitua. Jarduera nahaste horri guztiari musika jarriz, berriz, DJ Zigor ari da eta, bere jardunari musika gehiagok jarraituko dio.

Izan ere, pintxo potea eta afaria ere Ferialekuan bertan egiteko aukera izango da eta, ondoren, Unsain anaien erromeria eta DJ festa izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!