Herritarrei herrian dagoena erakusteko lapikoa sutan da

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 7a, 16:33

Argazkiak: LAPIKO FEST

Bihar gauean hasita, etenik gabeko egitaraua izango du bigarren Lapiko Festek, Ferialekuan

Babarrunaz harago, Tolosan beste hamaika eta bat gauza ere ekoizten direla eta, lapikoa aukeratu zuten, iaz, herriko kolektibo eta gazte ekintzaileen festari izena emateko. Bihar eta etzi, beraz, Ferialekuko Lapiko Fest borborka izango da, bigarrenez.

Kultura, kirola, artea, gastronomia nahiz musika elkartu zituen iazko lapikoak eta, aurten, iazko osagaiei eutsi eta ukitu berriak eltzera botatzen saiatu dira antolatzaileak, egitaraua are gehiago zabaltzeko. Izan ere, elkarlana saretzeko helburuz piztu zuten, hastapenetan, lapikoa: «Eragile, kolektibo nahiz gazte ekintzaileen arteko elkarlana sustatzea du helburu eta, beste behin, ateak ireki nahi dizkiegu herritik eta herriarentzat sortutako lapiko honetan murgildu daitezen».

Afizio guztien plaza

Bihar gauen ekingo diote bigarren Lapiko Festeko egitarauari, 22:30ean, kirola egiteko aukera eskainiz; lehen hitzordua, gainera, aurtengo berrikuntzetako bat izango da. Roller eta bizikleta irteera egingo dute, eta parte hartu nahi dutenek Ferialekura bertaratu beharko dute.

Tolosari gurpil gainean biratxoa eman ondoren, berriz, dantzarako aukera eskainiko dute DJ Bull-ek eta DJ Ces-ek. 00:00etan hasiko da beren emanaldia.

Tolosako ekintzailetasunaren bigarren lapikoa, ordea, larunbat arratsaldetik aurrera hasiko da borborka, jarduera eta hitzordu sorta ederra prestatu baitute. Arratsaldean merkatuak zabalduko du Ferialekuko jarduna, 16:00etan, eta hainbat diseinatzaile, artista, sortzaile eta egilek beren lanak eskuragarri izango dituzte bertan.


16:30ean, berriz, kirolari keinu egingo dio, berriro, Ferialekuak. Izan ere, skate eta basket txapelketa hasiko dira, une berean.

Gorputzaren trebezia lantzeko jarduerekin jarraituz, 17:00etan slackline erakustaldiari ekingo diote, Lapiko Festeko hitzordu ikusgarrienetariko bat eskainiz.

Oreka kudeatzearen magia erabiltzen hasten direnek zailtasun gehiagarri bat izago dute 17:15tik aurrera, DJ DZ Zigorren emanaldiak musika oparituko baitie Ferialekuko bisitariei.

17:30ean, berriz, kirol saltsari osagai berri bat gehitze aldera, bike trial erakustaldia hasiko da eta, iluntzera bitarte, merkatua eta kirola izango dira protagonista.

Iluntzean berriz, larunbata izaki, poteoa egin ahal izango da, Ferialekutik mugitu ere egin gabe. Afaldu aurretik DJ Martin Sekeltah-ren emanaldia hasiko da eta, 21:00etatik aurrera, janari ekologikoa eskuratzeko aukera izango da, Ferialekuan bertan afaltzeko.

Azkenik, eltzeari azken su-kolpea emateko, Unsain anaien erromeria, DJ Electronic Gallery eta Insania Crew ariko dira, bertaratu guztiak dantzan jartzeko. Ikuskizunez gozatzeko sarrera 2 euro ordaindu beharko da.
Aipatzekoa da, iaz Lapiko Fest-en egunetan auto topaketa ere ospatu zutela, eta aurten maiatzaren 23an izango dela, 10:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!