Tolosako Euskal Herria Bilduk egitasmo berri bat plazaratu du gaur arratsaldean, maiatzaren 16ari begira: hautagaiei galderak egiteko aukera eskainiko diete herritarrei eta, "ahal den neurrian guztiak erantzungo" dituzte. Ibai Iriarte alkategaiarekin batera, Lore Agirre, Onintza Lasa eta Inaki Irazabalbeitia hautagaiak ere izan dira aurkezpenean eta, besteak beste, "parte hartzearen filosofia hauteskunde kanpainara ere ekarri" nahi dutela azpimarratu dute.
EH Bilduko kideek "ezinbestekotzat" jo dute herritarrekin batera lan egitea: "Sarri erakunde publikoak herritarrengandik urrun geratzen dira, baina udalak ezin du urrutiko zerbait izan, horregatik, agintaldi honetan hainbat foro martxan jarri ditugu udal erabakiak hartzeko". Ibai Iriartek azaldu duenez, guztira 150 foro abiarazi dituzte, eta 4.500 herritarrek hartu dute parte.
Bide horretan, "kanpainan ere horrelakoak beharrezko dira, mezu zuzenetatik harago, eta bide beretik jarraituko dugu aurrera begira ere", azaldu du Onintza Lasak: "Gardentasuna ezinbesteko premisa da kudeaketarako".
Maiatzaren 16an, 12:00etan hasiko da galde-erantzunen saioa, Trianguloa plazan, eta egitasmoarekin "ahalik eta jende gehienarengana iristeko helburuz", hainbat bide zabaldu dituzte, tolosarrek galderak egin ditzaten. Batetik, sare sozialetatik galdetu ahal izango zaie hautagaiei; Twitterren @ehbildutolosa eta Facebooken EH Bildu Tolosa. Posta elektronikoa, berriz, tolosa@ehbildu.net da. Azkenik, eskuz idatzitako galderak ere utzi ahal izango dira Alkartetxen, Biltokian nahiz kanpaina egunetan kalean izango diren postontzietan.
Aipatzekoa da, gainera, hilaren 16an bertan, aurrez aurre galderak egiteko aukera ere eskainiko dietela herritarrei.