Parisko Zirkuak Tolosan hiru emanaldi eman behar zituen: gaur, bihar eta etzi. Udaletik azaldu dutenez, "ez dute ikuskizunik eskainiko". Baimenak eskatzerako garaian ez zuten animalien zirkua zela esan, beti ere udaletik esan dutenaren arabera, eta ondorioz, emandako baimena bertan behera geratu da. "Ez dituzte eskatu baimenak behar bezala, eta udala animalien aurkako tratu txarren aurka dagoenez, baimena ez ematea erabaki da".
Udalaren prentsa oharra osorik:
"Tolosako Udalak Paristik etorri den Zirkoaren bueltan sortu den iskanbilaren inguruan ondorengoa argitu nahi du: Zirkoko arduraduna asteartean, hilaren 5ean etorri zen Udalera asteburu honetan beraien ikuskizuna eskaintzeko baimena eskatzera. Orduan, behin eta berriz galdetu zitzaion ea animalirik ba al zekarren eta ezezkoa erantzun zuen. Horren ondotik, baimena tramitatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen eta bertan ere ez zen animalien aipamenik egiten. Ondorioz, Udalak, beharrezko baldintzak betetzen zituztela ebatzita, baimena ematea erabaki zuen. Baina, gaur, Tolosara iritsi direnean eta Udal arduradunek ikusi dutenean gezurra esan dutela eta animaliak zekartzatela ikuskizunean erabiltzeko asmoz, baimena ukatzea erabaki dute. Izan ere, Udalak argi du animalien aurkako jarrerak dituzten ikuskizunak ez dituela baimenduko, are gutxiago tratu txarrak ematen zaizkienetan".