Tolosak eta Ordiziak eskutik indartu nahi dituzte azokak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko maiatzaren 5a

Bi udalek, Tolomendi eta Goimen elkarteekin batera, hitzarmena sinatu dute Zaldibian

Gipuzkoaren bihotzean, ezaugarri eta izaera bertsuko bi gune dira Tolosako eta Ordiziako azoka. Astean behin eginagatik, egutegiko hitzordu garrantzitsu dira bai ekoizle baita kontsumitzaileentzat ere, eta bi eskualdeen ekonomian eragin nabarmena dute lurreko produktuak zuzenean erosi ahal izateko bi plazek. Horrela, azoka horien erreferentzia izaera indartzeko eta azoka eredu berri bat sortzeko, hitzarmena sinatu dute Tolosako eta Ordiziako udalek, eta Tolomendi eta Goimen garapen elkarteek.

Horrela, beraz, elkarlan honek baserritarrei begirako helburuak ditu, lehenik. Izan ere, E-05 ardatzaren inguruko azokak dira, Tolosaldeko eta Goierriko ekoizleen salmenta puntu nagusiak.

Lehen sektorearentzat ezinbesteko gune izaki, gaur egun duten erreferentzialtasuna indartu nahi dute hitzarmenaren bitartez eta, bide horretan, herritarren egunerokoan ere azoka normalizatzea da jomuga.

Horrekin batera, ordea, azokak ondare gisa ulertu eta jorratzeko oinarriak ere finkatu nahi dituzte; sustatzaileek natura, nortasun eta paisaia ondaretzat dituzte azokak, eta baita lurralde antolaketarako baliabidetzat ere.

Landa eremuak hirian

Helburu horietara iritsi eta azoka-egitura berriak sortzeko, beraz, hiru lan ildo nagusi adostu dituzte hitzarmenaren bitartez.

Batetik, Tolosako eta Ordiziako azokek ekonomikoki duten eragina edo garrantzia neurtuz ekingo diote egitasmoari. Azoka egiten den egunean herri horretako ekonomiak zein aldaketa jasaten duen neurtzeko, gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko sailaren laguntza izango dute.

Bigarrenik, azokaren normalizazioari begira, baserritarren antolaketa, araudi bateratua, ekoizle txikien zerrenda nahiz postu eta elikagaian kontrola bermatuko dituzte.

Azkenik, azokak kontsumo ohituretan normalizatzeko, udalak antolatu edo diruz laguntzen dituen ekitaldi gastronomiko eta bazkarietan azokako produktuak lehenetsi beharko dituzte, herriko dendak sustatzearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!