Argazki lehiaketarekin ospatuko du, Topic zentroak, museoen eguna

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 5a, 12:17

Hiru kategoria izango dira parte hartzeko; hilaren 10a izango da parte hartzeko azken eguna

Maiatzaren 18a Nazioarteko Museoen Eguna da, 1977. urteaz geroztik. Tolosan ere, mundu osoan barrena bezalaxe, egun seinalatu hori ospatu egiten dute museoek eta, Topic zentroak, aurten ere argazki lehiaketa antolatu du ospakizunaren aitzakian.

Ate irekiak eta musika izan ohi dira, Topic-en, egun horretako osagai ezinbestekoak. Baina, horrekin batera, argazki lehiaketako parte hartzaileen lanekin osaturiko erakusketa martxan jartzen dute Museoen Nazioarteko Egunean.

Aurten ere egitasmoarekin jarraituko dute, eta argazkiak aurkezteko epea zabalik da jada, hilaren 10era bitarte. Betiko moduan, hiru kategoria banatu dituzte lehiaketarako: haurrena 6 eta 12 urte bitartekoentzat izango da; gaztetxoena, berriz, 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat; azkenik, 18 urtetik gorako edonork helduen kategorian parte hartu ahal izango du.

Argazkiak egiteko gaitzat Topic museoa bera edo txotxongiloa iradoki dituzte zentroko arduradunek, baina, librean ere aritu daitekeela azaldu dute.

Kategoria bakoitzeko irabazleari txotxongilo bat oparituko diote eta, haurren kasuan, baita Topic-eko ikuskizun baterako bi sarrera ere.

Epaimahaiak maiatzaren 12an jakinaraziko du erabakia eta sari banaketa, berriz, maiatzaren 18an izango da, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Aipatzekoa da parte hartzen duten argazki guztiak www.topictolosa.com ata†rian ikusgai izango direla. Erakusketa, berriz, hilaren 16tik ekainaren 7ra bitarte zabalik izango da, Topic zentroan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!