Parte hartzea agintaldiko indargunetzat jo dute EH Bilduko alkategaiek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 4a, 19:43

Tolosako Zerkausian agerraldia egin dute Tolosaldeko alkategai guztiek, azken lau urteotako lana errepasatuz

Herritarren babesari eske duela lau urte beren buruari jarritako hainbat erronkatara iristea lortu dutela esanez zabaldu du agerraldia Amaia Azkue Berastegiko alkategaiak. Bere alboan Gorka Egia Orendaingo alkategaia ere hizlari izan du, eta baita Tolosaldeko EH Bilduko alkategaiak ere.

Besteak beste, hondakinen bilketa tasan izandako gorakada nabarmendu dute lehenik, eta baita fiskalitatean emandako pausoa ere: "Hondakinen kudeaketan fiskalitatea aldatuz, gehien birziklatzen dutenek gutxiago ordaintzen dute gaur egun".

Bide beretik, "herritarrei euskarazko informazioa bermatzeko" lan egin dutela ere nabarmendu dute, eskualdeko euskarazko komunikabideen bateratze prozesuan "parte hartze aktiboa" izan dutela esanez.

Osasungintzaren inguruan espezialitate batzuk anbulatoriora itzuli izana azpimarratu dute, eta AHTaren inguruan azken urtebetean sorturiko zuloak salatu dituzte.

Azkenik, garapen sozioekonomikoan "ekintzailetasunari emandako bultzada" izan dute hizpide eta, batez ere, parte hartzea beren politikako zehar-lerro bilakatu izanda ildo nagusitzat jo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!