Autoa partekatzeko Lurraldekar proiektua abiaraziko dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 4a, 13:23

Aldundiak autoa partekatzeko sistema berritzailea bultzatuko du zortzi herritan, besteak beste, Tolosan. Gaur sinatu dute protokoloa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak autoa partekatzeko sistema berritzailea bultzatuko du Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalekin batera.

Partekatze hori ez da elkarrekin bidaiatzea, autoa bera hainbat lagunek erabiltzea baizik. Hau da, auto jabeak, autoa gutxi erabiltzen duelako edo, beste erabiltzaile batzuen esku uzten du eta haiekin partekatzen ditu autoaren gastu guztiak, bakoitzaren erabileraren arabera. (Nola funtzionatzen du?)

Gaur eguerdian sinatu dute protokoloa Foru Aldundiaren egoitzan Larraitz Ugarte diputatuak eta Hasier De los Rios zinegotziak, baina orain bi egiteko nagusi izango dira proiektua martxan jarri aurretik:

Alde batetik, proiektuaren garapen teknologikoa lantzeko esleipen prozesu bat jarriko du martxan Aldundiak, eta espero du iraila-urria aldera prest egotea. Aldundiak proiektua ezagutarazteko www.lurraldekar.eus webgunea ere jarri zuen abian, eta orain webgune horren atzeko sistema bera martxan jartzeko prozesua abiatuko du. Sistema horren bidez erabiltzaileak elkarren artean harremanetan jarriko dira, baldintzak zehaztuko dituzte, autoa hartzeko erreserbak egingo dituzte eta abar. Horren guztiaren kontrola sistemaren kudeatzaileak egingo du eta dena zuzen dagoela baieztatu beharko du.

Bestalde, udalek Lurraldekar proiektuaren nondik norakoak helaraziko dizkiete herritarrei, ezagutarazteko eta sendotzeko. Horretarako, udalek informazioa emateko guneak jarriko dituzte, programan parte hartzen duten herritarrei hobariak edo abantailak emateko aukerak aztertuko dituzte eta abar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!