Udaberriko 600dik gora txapeldun

Mikel Iraola 2015ko mai. 1a, 17:29

Udaberriko II. Lasterketa jokatu da gaur Tolosan. 400 haur inguru eta 220tik gora korrikalarik hartu dute parte nahiz eta eguraldiak lagundu ez duen arren.

Euriak ez ditu korrikalariak kikildu, eta pasa den urtekoa baino parte hartze hobea izan da gaur Berazubin, Tolosa Atletismo taldeak antolatutako lasterketaren bigarren edizioan. Hain zuzen, pasa den urtean baino 30 lasterkari gehiago izan dira irteerako puntuan, guztira, 228.

"Espero baino zertxobait gutxiago izan da, euriak akaso eragina izan du. Baina oso gustura geratu gara, dena ongi joan delako, eta aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkigu", aipatu du lasterketaren amaieran Josu Gomez, klubeko presidenteak.

Jakina zen parte hartzaileen artean maila oneko korrikalariak izango zirela aurten, eta ez dute hutsik egin. Lasterketa ikusgarria bezain azkarra izan da. Konturatzerako, bost kilometroko ibilbidea eginda, berriro ere Berazubira bueltan ziren El Hassan Oubaddi eta Hamid Ben Daoud marokoarrak.

Erritmo bizian sartu dira estadioari azken itzulia ematera, eta hurrenkera horretan helmugaratu dira. Realeko atletismo taldean aritzen den Oubaddik, gainera, pasa den urteko marka minutu erdian hobetu du. 14 minutu eta 25 segundoan geratu du kronometroa. Hau da, hiru minutu baino gutxiago behar izan ditu kilometro bakoitza osatu ahal izateko. Ben Daoud sei segundora helmugaratu da, eta hirugarren, Aingeru Gutierrez-Cabello izan da hamaika segundora.

Nesken artean, berriz, Elena Loyo izan da azkarrena, 17 minutu eta 15 segundoko denborarekin. Sei segundo gehiago behar izan ditu Samira Ahbouchek, eta hirugarren Janire Fernandez izan da 18:12ko denborarekin.

Tolosarren artean azkarrenak Joseba Jauregi, Iker Manso eta Iker Pagola izan dira, hurrenez hurren, mutilen kasuan. Nesken artean, berriz, Oihana Ortiz, Idoia Labaien eta Ainhoa Lekuona izan dira lehenak.

Benjamin neskak

  1. Teresa Ibarbia
  2. June Sudupe
  3. Ximena Zeberio

Benjamin mutilak

  1. Eneko Gaztañaga
  2. Aitzol Etxeberria
  3. Aitzol Perurena

Alebin neskak

  1. Ibone Ezeizabarrena
  2. June Zinkunegi
  3. Ainhoa Murua

Alebin mutilak

  1. Aimar Aierbe
  2. Unax Odriozola
  3. Elur Urkola

Infantil neskak

  1. Maddi Sanchez
  2. Libe Martinez de Rituerto
  3. Nora Rosell

Infantil mutilak

  1. Iker Martinez
  2. Aimar Oiarbide
  3. Julen Irastorza

Senior mutilak

  1. El Hassan Oubaddi
  2. Hamid Ben Daoud
  3. Aingeru Gutierrez-Cabello

Senior neskak

  1. Elena Loyo
  2. Samira Ahbouche
  3. Janire Fernandez

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!