Ehunka langile bildu dira egoera sozialaren aldaketa eskatzeko

Ataria 2015eko maiatzaren 1a

Langilearen Nazioarteko egunean manifestaziora deitu ditu LABek eskualdeko herritarrak. Sindikatuak "borroka egun gisa, langile izateaz harro daudela esan eta ospatzeko egun gisa" ulertzen du gaurkoa. 'Langileok borrokan, Euskal Herria aldaketa bidean da' lelopean, egoera sozialaren aldaketa aldarrikatu dute, "jasanezina delako".

Aurrera eraman dituzten politiken ondorioz, langabezia eta prekarietatea handitu, prestazio sozialak gutxitu edota pobrezia handitu dela adierazi du LAB sindikatuko Oihana Lopetegik. Ondorioz, egoera "jasanezin" baten aurrean gaudela nabarmendu du, eta aurrera begira hartu beharrako bidearen inguruan gogoeta egin beharrean daudela azaldu du: "Ikusten dugu gure betiko borrroka tresnak eta erak egoerari eusteko balio dutela, baina, era ofensibo batean gure aldarrikapenak eraikuntza maila batean jarri behar baldin baditugu, muga ugari ditugula nabari dugu. Beraz, sindikatu bezala gogoeta egiten hasi dira, ze borroka tresna erabili, lantegietatik harago, eragile sozialekin, esaterako, behar dituzten itunez". Hala, egungo egoera soziala "jasanezina" dela, aldatu beharra dagoela, eta badutela alternatiba diote LABetik. "Alternatiba hori eraikitzeko, langileria eta jendarte guztia antolatzeko prest gaude", esan du Lopetegik.

Bestalde, LABetik diote, gaur egun, langileria "inoiz baino zatituagoa" dagoela. "Kapitalismoak bere tresnak erabili ditu, eta lantegi berdinean aurki ditzakezu enpresa desberdinek kontratatutako langileak, lan baldintza eta aldarrikapen desberdinekin. Horrek guztiak zaildu egiten du sindikatuen borroka bateratu bat egitea". LABek zatiketa hori gainditu, langile guztiak batu eta denei tresnak ematea ahalbidetu nahi duela adierazi du. "LAB erreferentzia bihurtzea nahi dugu borroka guzti horiek indartzeko".

Tolosan egin moduan, beste eskualdeetan ere mobilizazioak egiteari garrantzia eman dio LAB sindikatuak, "langileengana gerturatu eta mobilizazio gaitasuna handitu" nahi dutelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!