«Munduko Kopako probetan parte hartzea sekulako esperientzia da»

Maier Ugartemendia 2015ko api. 30a, 18:35

Xabier San Sebastianek (Tolosa, 1995) pasioz bizi du txirrindularitza. Gasteizen burutzen dituen Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzietako Graduarekin uztartu behar izaten ditu txirrindularitzako entrenamendu eta lasterketak.

Euskadi Fundazioko taldean dago egun, eta Munduko Kopako zenbait probatan parte hartu berri du. Eta asteburuan, Valentziako Monparler Memoriala irabaztea lortu du denboraldiko lehen garaipena poltsikoratuz.

Munduko kopako zenbait probatan parte hartu berri duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?
Egia esan, oso polita. Jubeniletatik horrelako probetan parte hartu gabe nengoen eta denboraldi hasieran denboraldi txukuna egitea espero nuen, baina ez nuen inondik espero horrelako lekuetan ibiltzea. Sekulako esperientzia izan da. Hemen ikusten ez ditugun lasterketak dira, eta oso ondo pasa dut.
Lehen ere ibilia zara, hortaz.
Lehengo urtean ez nintzen oso aurrean ibili lasterketetan, entrenamenduetan ere ez nintzen oso fin ibili eta ez nuen karrera hauetan parte hartu. Baina, jubeniletan, duela bi urte bai ibili nintzela horrelako karreretan. Jada ahaztuta neukan zer zen hor ibiltzea, eta merezi du hemendik atera eta horrelako karreratan ibiltzeak.
Zer suposatu du zuretzat maila horretako probetan parte hartzeak?
Esperientzia bezala ikasteko pila bat balio dute. Azkenean gu karreratan beti ohituta gaude, eta horiek ondo ezagutzen ditugu. Nik uste dut gure mailako, amateur mailako, txirrindulari iparraldeko lasterketetan egiten garela. Han ikuskatzaile gehiago daude, txirrindulariak ere gaztetatik oso entrenatuta eta profesionalizatuta daude. Horregatik hango lasterketetara joatea guretzat aukera bat da gure gaitasuna noraino heltzen den jakiteko eta jendeari erakusteko hemen gaudela. Azkenean emaitzak lortuko ez ditugun arren, han egote hutsa nahiko positiboa da.
Kontaktuak egiteko ere balioko dute, ezta?
Beno, beti dago jendea begira, baina kontaktua irabazleak egiten du. Beste guztiak pelotoian sartuta ibiltzen gara. Hala ere, jendea fijatzen da zein joaten den eta zein ez. Izan ere, azkenean selekzioka parte hartzen dugu, eta lasterketa horretan suposatzen da Espainiako sei onenak edo proba horietarako egokienak sartu direla. Hortaz, beti ere izena ematen dizu.
Egun Euskadi Fundazioarekin aritzen zara. Gaztea izan arren, jada urte asko daramatzazu txirrindularitzan. Zer nolako ibilbidea izan duzula esango zenuke?
Ibilbide gorabeheratsua izan dut. Urte batzuetan ibili naiz eta beste batzuetan batere ez. Hala ere, urtero ikasten dira gauzak. Ibiltzen ez zaren urteetan gauza askotaz konturatzen zara, eta ibiltzen zaren urteak oso onak izaten dira bai galtzetik eta bai irabaztetik ikasten duzulako. Aurten taldean oso pozik nago, ia talde profesional baten estruktura daukagu eta jendea ere gogoz nabaritzen da. Ea hurrengo urteetan zer gertatzen den.
Beti esan ohi da txirrindularitza kirol gogorra dela. Zer nolako entrenamenduak izaten dituzue afizionatu mailan?
Azkenean, profesionalek baino distantzia txikitxoagoak eta intentsitate baxuagokoak izaten dira, baina ez asko. Izan ere, orain Munduko Kopa hauek 180-190 kilometroko kopak izan dira, eta distantzia motzagoak izan arren, ia berdin entrenatu behar da. Lau ordutik gorako lasterketak dira, intentsitate handikoak eta azkenean, kanpora atera nahi baduzu ia profesional batek bezala entrenatu behar duzu. Sakrifizioa da, ez bakarrik bizikletaren gainean zaudenean, baita etxean zaudenean ere, jana eta deskantsua bezalako gauzak ere zaindu behar dira. Hogeita lau ordu txirrindularia zara.
Entrenamenduak egunero…
Bai, baina azkenean deskantsatu ere asko egiten dugu. Entrenamenduekin bakarrik ez zoaz inora. Entrenatu, deskantsatu eta etxean gauzak ondo egin behar dira. Txirrindulariek oporrik ez dugula esaten dutenean, horregatik esaten dute.
Denboraldia hasi berria da oraindik. Aurtengo denboraldia nolakoa izatea espero duzu?
Hasi berria izan arren, bi hilabetetan nahiko proba garrantzitsuak izan ditugu, agian denboraldiko garrantzitsuenak. Horietan nahiko txukun ibili gara, baina garaipenen bat lortzea ez litzateke txarra izango; eskuak jasotzea beti da polita. Taldea ere ederki dabil, jada garaipen asko dauzkagu. Espainiako Txapelketan hor gaude, Lehendakari Txapelketan ere Jon Irisarri izugarri dabil… Horrelako txapelketa orokorrak irabaztea eta bueltatan ere ondo ibiltzea da helburua. Azken finean, proba denetan batekin ala bestearekin taldea aurrean ibiltzea.
Talde lanari garrantzia handia ematen diozue, ezta?
Oso garrantzitsua. Espainiako Kopan adibidez Egoitz Fernandez doa lider, baina atzean dituen sei txirrindulariak egongo ez balira, ez litzateke ezta lehenengo hamarretan egongo. Jon Irisarri ere Lehendakarian izugarri dabil, eta azkenean bakarrik agian karrera bat irabazi dezake. Baina, jada hiru daramatza eta laugarrena ere gertu du.  Orduan, talde lana beti da oso garrantzitsua. Ondo eginez gero nabaritzen da.
Aurrera begira, profesional mailan aritzea al duzu helburu?
Bai, hori txirrindulari guztien ametsa eta helburua da. Orain oso gaizki dago kontua. Murias taldea bakarrik daukagu Euskal Herrian, eta Kontinental mailan dago, hirugarren maila litzatekeena. Hori oso tristea da. Aurrerapauso gehiago behar dira, zeren txirrindulariak badaude eta maila badago.  Afizionatuetan ikusten da jendea gora igotzeko borrokan ari dela, baina talde gehiago behar dira. Euskadi Fundazioa horretarako lanean ari da, Baquek ere lehengo urtean horretarako lanean ari zela esan zuen, Cajak ere mantentzen du… Baina talde gehiago eta maila hobeagokoak behar dira. Izan ere, txirrindulariok pauso bat eman behar dugu aurrera, ezin dugu amateur mailan geratu.
Babes falta sumatzen duzue?
Ez dakit babes falta den, hori zuzendariek esango dizute. Nik ikusten dut ez dagoela talderik eta oso tristea dela. Kanpora ateratzen gara, eta duela hogei urte 23 urtez azpikoak ateratzen ziren, ez zituzten gu baino askoz emaitza hobeak lortzen. Esate baterako, Alberto Contador, Joaquin Rodriguez, Alejandro Valverde… Jende hori oso ona da eta izan dira. Baina Europa mailan ez dira gu baino askoz hobeto ibili, eta gero ikusi nola iritsi diren. Hori babesa, taldea eta aukerak izan dituztelako da.
Euskaltel taldea desagertzeak ere, euskal txirrindularitzan eragina izan duela uste duzu?
Euskal Herrian oso handia. Azkenean, euskaldunek Euskaltelera igotzeko aukera handiak genituen. Batzuk agian erdi bidean gelditzen ziren, bi urte taldean egin ostean, kanpora joaten ziren. Baina, txirrindulari askori aukera bikainak sortu zaizkie. Ikusi besterik ez dago, Mikel Landak itzulian etapa bat lortu du, Jon Izagirre hirugarren geratu da sailkapen orokorrean. Bertatik atera diren txirrindulariek maila handia izan dute, eta horrelako talde bat egongo balitz oinarri bat egin ondoren, kalitate handiko jendea etortzen hasiko litzateke. Desagerpena pena bat izan da, zeren gazte askoren progresioa errotik moztu du.
Eta salto hori lortzen ez bada, ondoren zer?
Beno ikasketak atzean ditugu, inoiz ez ditugu utziko. Txirrindularitzatik bost bizi dira, ehun saiatu direnean. Gustuko ikasketetan nago behintzat, eta horrekin borrokatuko dut.
Edonola ere, zuk zure etorkizuna txirrindularitzari lotuta ikusten al duzu?
Bai, munduak harrapatzen gaitu txirrindulariak. Ez dakit zer daukan baina guztiak harrapatuta bukatzen dugu. Gazteen zuzendari edo talde profesional baten entrenatzaile edo, baina beti txirrindularitzaren munduan sartuta.
Zerbait gehitu nahiko zenuke?
Eskerrik asko elkarrizketagatik. Kazetaritzarengatik bizi gara txirrindulariok, eta horrelako gehiago behar ditugu. Izan ere, oso kirol polita da eta nik uste Euskal Herrian badagoela maila komunikabideetan eta leku guztietan gehiago azaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!