Sinbolo frankista guztiak erretiratuko dituzte Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 30a, 16:32
Nafarroa etorbideko plaka honek 1936ko abuztuaren 11ko data du idatzirik: nafar matxinatu frankistak Tolosara sartu ziren eguna da.

Tolosako Udalak eta Aranzadik elkarlanean osatutako ekimenez, datozen egunotan kenduko dituzte ikur eta plakak.

Ebro ibaitik beherako lurraldeetan frankismo garaiko ikur, sinbolo nahiz kale izenak aurkitzea ohikoa da oraindik, 2015. urtean. Ez da, ordea, Ebrotik behera egin behar, XX. mendeko historiaren epealdi hark emandako ikur eta sinboloak kalean topatzeko: Euskal Herrian ere hamaika dira.
Iraganeko gertakari haien hondarrak gaur egungo kale eta eraikinetatik kentzeko egitasmoa martxan harri dute, horrela, Tolosako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Agintaldi honen hasieran udalak memoria historikoa eraikitzeko helburuz abiarazitako proiektuaren hirugarren adarra da ikur frankistak deuseztatzearena; aurretik frankismoaren jazarpena jasan zuten herritarren zerrenda osatu zuten, eta baita 1936ko udalbatza omendu ere.
Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko kideak eman dute herriko ikur horien kokalekuen berri eta, azken honek, ikerketaren iturburua ere azaldu du: «Eusko Jaurlaritzak osatutako Giza Eskubideen batzordean parte hartu nuen, duela hiru urte, Aranzadiko kide gisa, eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden sinbolo guztien zerrenda egina zuten. Bertan ikusi nuen Tolosan zenbait ikur bazirela oraindik, nik ezagutzen ez nituenak batzuk, eta hortik abiatuta osatu dugu gogoeta».
Agirrek azaldu duenez, duela 38 urte inguru, udalbatzak zenbait pauso eman zituen Tolosako kale izendegia berrituz, eta baita Trianguloa plazan eroritakoen omenez zegoen monumentua kenduz ere: «Baina oraindik zenbait hondar geratzen dira».

Erabaki ofiziala

Tolosan jazarpen frankista jasandako herritarren zerrendak osatzen ari zirela, Aldaba eta Ikaztegieta arteko eskola batean plaka bat erakutsi zion, bizilagun batek, Juantxo Agirre Mauleoni: «Herritar batzuk kendutako plaka frankista bat zen, eta eskilararen azpian gordeta zuten».
Horren harira, Tolosako ikur frankistak kentzeko ekimena bide ofizialetatik egitea nabarmendu nahi izan du Juantxo Agirre Mauleonek: «Hainbat lekutan herri ekimenez erretiratuta daude halakoak, baina egunotan egingo duguna modu ordenatuan egingo dugu, eta txostena bidaliko dugu Eusko Jaurlaritzara, bertan gordetzeko».
Hasiak dira, jada, sinboloak eta plakak erretiratzen, baina Tolosako kale eta hormetatik kentzeak ez du esan nahi sutsitu egingo dituztenik. Guzti-guztiak gordeko dituzte eta, Aranzadiren depositoan egongo diren arren, Tolosako Udalarena izango da jabetza: «Etorkizunean ikerketak edo erakusketak egiteko baliagarriak izan daitezke, eta garrantzitsua da gordetzea», azaldu du Ibai Iriartek.
Hari horri tiraz, Juantxo Agirre Mauleonek Alemania erabili du adibidetzat: «Han, konstituzioak debekatzen du ikur naziak kalean izatea, eta ez da esbastika bakar bat ere geratzen, baina gordeta dituzte guztiak, memoria historikoa izateko».

Gaur egun Tolosan geratzen diren ikur frankisten zerrenda:

Hilerriko panteoia

1936ko abuztuan eta irailean errepublikaren aldekoek fusilaturiko tolosarren omenezko panteoia da, eta udala da horren jabea. Izen zerrendaren ondoren, Gloria a los mártires de la religión y de España esaldia dago behean, eta horixe erretiratuko dute, izenak mantenduz.

Nafarroa etorbidea

Tolosan matxinatuek ezarritako udalbatza frankistak kale-izen berriak jarri zituen, tartean, Nafarroa etorbidearena, nafar matxinatuen omenez. Plaka horretan, erromatar zenbakiz idatzita dago erreketeak Tolosan sartu ziren eguna: 1936ko abuztuaren 11.

Zabalaren omenezko plaka Berazubin

Berazubi auzoan, Almirante Rekalde kalean, harri edo zementuzko plaka bat kendu zuten joan den astean. Frankismotik gaurdaino Tolosan geratzen zen handiena da eraikinaren horman zegoena, eta Grupo Capitán Zabala jartzeaz gain, falangearen ikurra ere ageri da, uztarriarekin eta geziekin. Plakak utzitako hutsunea Gernika koadroaren zati batekin beteko dute, baldosa txikiz, bakearen sinboloa delako; GKo galeriako kideek egingo dute lana,

Babes ofizialeko etxeetako plakak

Instituto Nacional de la Vivienda  eta Delegación Nacional de Sindicatos testuak daramatzaten 22 plaka daude, guztira, Tolosan. Plaketan falangearen ikurra ere ageri da, eta Zuloaga auzoan, Gudari kalean, Elkano kalean nahiz Almirante Rekalde kalean aurki daitezke. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!