Komediaren bidetik, 'Zartapa!' estreinatuko du Katiuskak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 30a, 10:08

Antzerki taldearen hirugarren obra igandean oholtzaratuko dute, Bonberenean

Zartapa! Onomatopeia bat izan liteke; edo hitz magiko bat; edo birao bat; edo musika jaialdi erraldoi baten izena. Tolosako Katiuska antzerki taldearen azken lanaren izenburua da, ordea, eta izenburuak pizten duen jakinmina asetzeko hitzordua igandean izango da, 19:30ean, Bonberenean.

Astiazaran doktorea izango da pertsonaia guztiak elkarrekin lotuko dituena, gainerako pertsonaia guztiak haren kontsultara bertaratuko baitira. Zortzi pertsona doktorearekin elkartzerakoan sortuko dira obrako gertakariak, eta Bonberenean oholtzan bertan jakin ahal izango da Astiazaran doktorearen eta gainerakoen artean zer gertatzen den.

Katiuska antzerki taldeko Idoia Gereñuk azaldu duenez, «ideia originala frantziar obra batekoa da». Antzezlan hura, ordea, Katiuskaren errealitatera moldatu dute, pertsonaiei dagokienez, eta, hizkuntzari dagokionez, berriz, «moldaketa handia egin dugu, finean».

Guztira zazpi aktore ariko dira oholtzan, eta Gereñu bera zuzendari lanetan ariko da: «Gaur egun horiexek gara Katiuska taldea osatzen dugunak, baina, aurreko urteetan parte hartu izan duten eta aurten antzezlanean aritu ezin izan duten katiuskatarrak ere baditugu; horiek ere gure artean izango ditugu, beraz, laguntzaile moduan».

Hirugarren proiektua

Katiuska antzerki taldea Bonberenean lehen pausoak ematen hasi zenez geroztik, hirugarren obra izango da Zartapa! delakoa.

Bide horretan, taldearen garapena emanaldietan islatu izan dela uste du Idoia Gereñuk: «Antzezlan batetik bestera desberdintasun handi samarra dago, nire ustez, eta hirugarren hau ere besteetatik bereiziko da. Izan ere, beste estilo bateko antzerkia egiten saiatu gara, eta komediaren zakuan sar genezake aurtengoa».

Halaber, taldearen izaera ere sendotu da hiru urteotan, Gereñuren arabera: «Hasierak beti izaten dira hasiera, eta, beraz, gaur egun talde gisa forma hartzen ari garela esango nuke, ikasten ari garela; eta, noski, hori oholtza gainean somatzen da gero».

Igandeko hitzordua Zartapa!ren abiaraztea izango den arren, Katiuskak jada lotu ditu beste bi hitzordu, beren lana plazaratzeko. Horrela, Uztaritzen ariko dira maiatzaren 16an, eta Zarautzen ekainaren 19an.

Horren harira, edonon antzezlana eskaintzeko gogoz dira katiuskatarrak eta, era berean, baita kide berriak katiuskatar bilakatzeko ere: «Beti esan izan dugu taldeak atea zabalik duela edonorentzat. Orain arte emanaldi bati lotuta lan egin izan dugu, baina datorren urtetik aurrera tailer moduan hasiko gara berriro, beraz, anima dadila jendea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!