Ohitura osasuntsuek badute saria

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko apirilaren 29a

Mugi Tolosa egitasmoko bigarren zikloa amaitu berritan, parte hartzaileei euritako jakak banatu dizkiete Zerkausian.

Tolosako Udalak sustaturiko Kale Biziak proiektuaren adarretako bat da Mugi Tolosa, hirugarren adinekoei ibilbide osasuntsuak proposatzeko egitasmoa. Gaur bertan bigarren zikloa osatu dute, eta lehen zikloaren amaieran gertatu bezalaxe, ekitaldi txiki bat antolatu dute.

Asteazkenero-asteazkenero, dozenaka gizon-emakumek parte hartzen dute ibilbide osasuntsu horiek eginez, eta hamaiketako osasuntsua ere egiten dute amaitutakoan. Horrela, lehen itzuliaren amaieran aterkiak izan ziren bezala, gaur euritako jakak banatu dizkiete ikasturte osoan Mugi Tolosan aritu direnei.

Beste herrientzat eredu

Ibai Iriarte Tolosako alkateak esker hitzak izan ditu hirugarren adineko gizon-emakumeentzat: "ZUek egin duzue bizi proiektu hau, eta jarraitu horrela, izan ere, beste zenbait herrirentzako erreferentzia bilakatu zarete". Bide horretan, Zumarragaren adibidez hizpide izan du, bertan ibilbide osasuntsuak martxan jartzeko asmotan ari baitira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!