Euskarazko dokumentalak doan ikusteko aukera, hilero-hilero

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 28a, 19:51

Tolosako Udalak Topic zentroa baliatuko du hileko azken asteazkenero; bihar izango da lehen saioa

Zinemazaleen plazarik gogokoenetakoa da Tolosako Leidor aretoa, hileroko bonuaren aitzakian. Merkaturatu berri diren filmak prezio oso onean ikusteko aukera eskaintzen du txartelak eta, Gipuzkoako aretorik handienetakoa izanagatik, astebururo lepo egiten du Leidorrek, zine saioetan.

Fikziozko eskaintza komertzialagoez harago, Tolosako Udalak beste bide bat ireki nahi izan du ikus-entzunezkoen esparruan, eta dokumentalak eskaintzen hasiko dira, bihartik aurrera, Topic zentroko aretoan. Hilean behin jarri dute hitzordua, hileko azken asteazkenean, zehazki. Ordua, berriz, 20:00etan izango da, eta sarrerarik ez da ordaindu beharko dokumentalez gozatu ahal izateko.

Igor Ezenarro kultura zinegotziak argitu duenez, «hain komertzialak ez diren lanek irtenbide bat emateko modua da egitasmoa». Horrela, Euskal Herrian ekoitzitako lanak aukeratuko dituzte egitaraua osatzeko eta, «ahal dela», euskara darabiltenak.

Bi izenen ingurukoak, gaur

Euskara hizpide dela, gaurko lehen hitzordu horren bi lanez gozatzeko aukera izango dute bertaratuek, bi gizonen bizitzaz zerbait gehiago ikasteko.

Martin Ugalde, bihotza golkoan izeneko ikus-entzunezkoak irekiko du saioa, 10 minutuko dokumental laburraren bitartez. Jone Amonarriz eta Igor Agirre tolosarrek sorturiko filmak Martin Ugalderen bizitza du ildo nagusi, eta baita haren obra ere.

Jarraian, Xalbador bertsolariaren irudiak hartuko du Topic-eko aretoa, Xalbador, izana eta izena dokumentalarekin. Eneko Dorronsororen dokumentalak ere Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bizitza izango du gai nagusi, baina gaur egungo belaunaldien begietatik.

Datorren hilean, berriz, maiatzaren 27an, solstizio berriari begira jarri eta, sanjoanen aitzakian, Bilgune Feministaren Festa dezagun gaurdanik geroa dokumental laburra proiektatuko dute. 20:00etan hasita, emakumeek Euskal Herriko jaietan duten presentziaz hausnartzeko aukera eskainiko du filmak.



__________________________________________________________________________

Igor Ezenarro. Kultura zinegotzia

«Euskarazko dokumentalak telebistan edo sarean soilik ikusi ahal izaten dira»

Euskarazko ikus-entzunezkoei irtenbide eta plaza bat emateko helburuz sortu zen dokumentalen egitasmoa, eta gaur ekingo diote bideari. Igor Ezenarrok harrera ona izatea espero du, ikasturteko bidea betetzera doan Kulturzale txartelaren gisan.

Gaur bertan hasiko zarete dokumentalak proiektatzen. Nolatan sortu da ideia?

Herritar talde batekin Tolosako kulturari buruz hitz egin eta proposamenak aztertzeko bilerak egiten ditugu noizean behin, eta bilera horietako batean sortu zen dokumentalen ideia. Gaur egun, euskarazko dokumental asko sortzen dituzte, eta kalitate onekoak, gainera. Horrela, lan horiei irtenbide bat ematea da helburua, izan ere, ia beti, euskarazko dokumentalak telebistan edo sarean soilik ikusi ahal izaten dira, baldin eta ez badira oso ikus-entzunezko komertzialak. Bide horretatik iritsi da, beraz, hileko azken asteazkenetarako hitzordu hori.

Martin Ugalde eta Xalbador izango dira lehen proiekzioetako protagonistak. Euskararen gaiaz gain, bestelako irizpideren bat erabili al duzue gaiak aukeratzerakoan?

Egitarauarekin hasteko gai hori egokitu da, euskara, baina, aurrera begira, gaika oso zabalak izatea aurreikusten dugu: euskara, gai sozialak nahiz bestelakoak. Maiatzean eskainiko duguna, esaterako, Festa dezagun gaurdanik geroa lana izango da, festa eta parekidetasuna gaitzat hartuz. Sanjoanen bezperetan izango gara, ia-ia, eta festak eta emakumeen parte-hartzea uztartu nahi izan genituen, dokumental hori eskainiz. Gainerakoan, gaiaz gain, merkatuan dagoenaren araberakoa izango da eskaintza. Irizpide nagusiak, ordea, bertako dokumentalak izatea eta, ahal dela, euskarazkoak izatea izango dira.

Herritarrek dokumentalak doan ikusteko aukera izango dute. Zein aretotan eskainiko dituzue?

Hileko azken asteazkenetan izango dira, Topic zentroko aretoan, eta, bai, esan bezala, doan.

Dokumentalak Topic-en, eta zinema Leidor aretoan. Harrera beroa du azken honek, ezta?

Bonuaren egitasmoa martxan jarri zenean poliki-poliki hasi zen, baina, gaur egun, Tolosan zinema zaletasunak erantzun oso indartsu bat du, eta hori jendearen harrerari esker da. Aipatzekoa da, tarteka bonuko eskaintzaren barruan ere izaten dela dokumentalen bat edo beste ikusteko aukera, baina nazioarteko sare komertzialean dabiltzanak izaten dira. Topic-en ikusi ahal izango ditugunak, berriz, beste maila batekoak izango dira; ez, horregatik, okerragoak, baizik eta beste irismen bat dutenak.

Kulturzale txartela ikasturtea betetzera doa. Erantzun ona izan dute lehen hiru txartelek?

Nik oso ontzat jotzen dut egitasmoa, hasteko, udalak antolatzen dituen kultura jardueretara maiz bertaratzen direnak saritzen dituelako; hori nahikoa arrazoi bada, Kulturzale txartela positiboa dela esateko. Txartela pixkana zabaltzen ari da, eta oraindik ezin dut esan erostera sekulako jendetza joaten denik, baina, hiruhileko bakoitzean 60-70 kulturzale txartel inguru saldu ditugu lehen ikasturtean, eta zenbaki polita dela uste dut. Eta, zenbakietatik harago, lehen ere kultura mundura hurbiltzen zen jendeari jende berria gehitu zaiola ere aipatzekoa da, emanaldiak oso prezio onean ikusteko aukera eskaintzen baitu txartelak. Horregatik, epe luzera Kulturzale egitasmoak arrakasta izango duela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!