Saroi Eskisabel, Espainiako txapeldun

Ataria 2015ko api. 27a, 16:31

Tolosako Gimnasia Erritmikoko sei partaide Guadalajaran izan dira asteburuan Espainiako txapelketa jokatzen eta urrezko domina batekin itzuli dira.

Euskadiko txapelketan lortutako emaitza onen bidez lortu zuten Espainiakoan sailkatzea sei gimnastek: Joane Zugastik, Leire Nazabalek, Saroi Eskisabelek, Garazi Garmendiak, Mireia Aldasorok eta Olaia Etxeberriak. Gainera, hoberenen multzoan lehiatzeko aukera izan dute. Askorentzat esperientzia berria zen, eta "oso gustura" itzuli direla aitortu du Arantxa Aristondo entrenatzaileak. Beste bi entrenatzailek ere bidaiatu zuten Guadalajarara: Nerea Otaegik eta Sara Alonsok.

Saroi Eskisabelentzat, aldiz, ez zen esperientzia berria. "Gehiagotan lehiatu du, eta urduritasunaren ondorioz ez zuen bere hoberena eman beste urteetan. Aurten ere gauza bera pasako ote zitzaionaren beldur ginen, baina oso txapelketa ona egin du". Lortutako urrezko domina da horren erakusle.

Eguerdiko 12:15ean izan zen tolosarraren txanda. 9,300 eta 9,717ko puntuazioak jaso zituen eta sailkapeneko lehen postuan jarri zen. Baina oraindik itxaron egin behar. "Denbora luze joan zen, ia 14:30ean bukatu baitzen lehia". Itxaronaldiak merezi izan zuen.

Pena bakarra du Aristondok: "Gainontzeko gimnastek ere lan ona egin zuten, baina batek azken unean zinta galdu zuen eta horrek puntuazioan eragina izan zuen. Podiuma egingo zukeen bestela".

"Nahikoa egiten dugu"

Denboraldian zehar emaitza bikainak lortu ditu Tolosako Gimnasia Erritmikoko taldeak, zailtasunak zailtasun. Izan ere, Aristondoren ustez, "entrenatzeko dituzten baldintzak ez dira hoberenak", eta hori ikusita "nahikoa emaitza onak" lortzen dituztela dio. "Ez dago zerikusirik gainontzeko taldeek entrenatzeko dituzten baliabideekin" dio.

Bertsoa

Saroi Eskisabelen lehengusu Josu Artutxak bertsoa eskaini dio gimnastari:

"Hasi zinen ordizian
altamirako auzoan
ordutik urte mordoa
baloi ta zintan ondoan,
orain onena zu zara,
ta gainera "estado"-an,
gozatu domina hontaz
ta pentsatu hurrengotan.
Saroi nere lehengusinak
lana xede oraingoan
ta Tokyoko olinpiadak
etorkizun oparoan
nire aldetik ohar hau
zuk kontuan hartzekotan
ez dago zu bezalako
txapeldunik mundu hontan"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!