"Udalaren ekintzailetasuna" sustatu nahi du EAJk, ekonomiari begira

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 24a, 15:21

Olatz Peon alkategaiak eta Jokin Azkuek lau lan ildo nagusi zehaztu dituzte, "benetako betebeharrei egokitzeko".

Tolosako EAJk herriko ekonomia sustatzeko hauteskunde programan txertaturiko proposamenak aurkeztu ditu, gaur, Batzokian egindako agerraldian. Olatz Peon alkategaia eta Jokin Azkue hautetsia izan dira azalpenak ematen eta, besteak beste, "udalak ekintzailetasuna behar" duela azpimarratu dute, ekonomia sustatzeari begira.

Peonek azaldu duenez, azken hilabeteotan herriko eragileekin elkartu dira Tolosako errealitate sozioekonomikoa aztertu eta horren inguruan hausnartzeko. Horrela, "diagnosi zehatza eta partekatua osatu dugu, eta hori izan da gure proposamenen oinarria".

Oinarri horretatik abiatuta, beraz, lau ildo nagusi marraztu dituzte ekonomia eta enpleguari dagokionez: industria, merkataritza, turismoa eta nekazaritza. Lau ildo horien azpian, ordea, "benetako beharretara egokituko diren neurri zehatzak behar dira", jeltzale tolosarren ustez.

Bide horretan, industriaren gaur egungo egoerak hutsune bat duela uste dute hautetsiek, eta "hutsune hori obsesio bilakatuko da datozen lau urteotan, guretzat", azaldu du Peonek. Hori betetzeko, beraz, Lehiberri indartzeko asmoa azaldu du Azkuek: "Kanpo erakundeen finantzaketa bilatu du udalak, azken lau urteotan, baina udalak ekintzaile izaera hartu behar du enpresak sustatzeko. Horrela, enpresen konplizitatea lortzea ere ezinbestekoa da, eta baita erakundeekin harremanak estutzea ere". Halaber, Apatta industrialdeko bigarren faseari ekitea, Apattako eraikin hutsetan ekintzaileentzako bulegoak jartzea nahiz lokal hutsak ekintzaileei bideratzea daude EAJren ideien artean.

Merkataritzari dagokionez, berriz, Peonek eta Azkuek sektorearen pisua nabarmendu dute, 1.500 lanpostu sortzen dituela gogora ekarriz. Horrela, beraz, "turismoari eta merkataritzari begirako proposamenak eskutik" joango direla zehaztu dute. Beren arabera, azoken inguruan sorturiko proposamen berritzaileak aurreko legealdikoa dira –Txuletaren festa nahiz Bisiguarena izan dituzte adibide–, eta egungo udal gobernuak "inertziaz jokatu du". Horrela, azoka berezi gehiago antolatzea, larunbaterokoa indartzea, kontsumitzaileak erakartzeko aparkalekua erraztea nahiz Euskal Herria plazako ostatua martxan jartzea proposatu dute. Era berean, Turismo bulegoa Trianguloa plazan jarriko luketela diote.

Azkenik, nekazaritzari eta landa auzoei "arreta berezia" jarri behar zaiela azpimarratu du Jokin Azkuek: "Duela bost urte garatu ziren egitasmo batzuk, eta gehiago behar dira". Horrela, "landa auzoetako bizilagunen nortasuna babestu behar da" jeltzaleen ustez, eta auzoetako nekazal jarduna azokarekin estu lotu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!