Beren ametsetako hiria marraztuko dute gaztetxoek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 23a, 15:55

Haurren hiria egitasmoaren bidez festa izango da larunbat arratsaldean, Zerkausian

Espazio publikoak okupatu eta kale biziak sortzeko helburuz aurkeztu zuten, duela urtebete inguru, Kale Biziak proiektua. Aterki horren azpian hainbat egitasmo garatu ditu, jada, Tolosako Udalak, eta guztiek parte hartzea izan dute oinarri, Ibai Iriarte alkateak nabarmendu bezala: "Irisgarritasun plana, auzoetako mantentzea nahiz hirugarren adinari begirako Mugi Tolosa proiektu honen adarretako zenbait izan dira, eta guztiek muin-muinean izan dute herritarren arteko elkarbizitza eta partekatzea". Orain, adar horietako baten lehen fruituak festa itxura hartuko du larunbatean, Zerkausian: Haurren Hirian lanean aritu diren neska-mutilek urte osoan landutakoa azalduko diete udal ordezkariei.

Nerea Cereceda gazteria teknikaria eta Juan Unzueta Ingurumen Zentroko kidea ere izan dira aurkezpen agerraldian, Iriarte alkatearekin batera eta, azken honek herriko gazteenen hitzari berebiziko garrantzia eman dio: «Etorkizuneko herritarren hezkuntzaz ari gara, eta beren begietatik ere badute zer esana».

Iazko ekainean San Frantzisko pasealekua izan zen Haurren Hiriaren abiaraztearen lekuko, eta bertan ireki zuten, lehenengoz, Ametsen maleta: 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek Tolosari begirako proposamenak sartu zituzten maleta horretan, eta udalak espazio publikoaren kudeaketari zegozkionak aukeratu zituen, 2014-2015 ikasturtean jorratzeko.

Horrela, 46 haurrek osatu dute haurren kontseilua, eta gurasoek ere parte hartu dute zenbait bileretan; halaber, ikastetxeekin hitzarturiko egitasmoa izaki, eskola orduetan jardun dute lanean: «Parkeen azterketa, kalea jolas esparru gisa, jolasa eta sormena, nahiz guraso eta haurren elkarlana jorratu ditugu», dio Nerea Cerecedak. Proiektua, gainera «oso-oso positiboki» baloratu du Juan Unzuetak, batzordeko haurrek jarraitu egingo dutelako, gurasoekin batera.

Lana eta festa bat eginik

Modu horretan, larunbatekoa izango da ikasturtean landurikoa plazaratzeko eguna. 17:00etatik 18:00etara bitarte Mintza Txokoan ariko dira haur, guraso nahiz udal ordezkariak, hirirako proposamenez: "Maleta berriro irekiko dugu, eta biharko Tolosarekin amestuko dugu, hainbat gairen inguruko proposamenak jorratuz", azaldu du Unzuetak. Bide beretik, bizipenek ere tarte zabala izango dute Zerkausian, kaleak pertsonaz betetzeko ideia horri jarraituz: paper gorrietan egitasmoaren inguruko iritzi laburrak idatziko dituzte neska-mutilek, Kale Biziak egitasmoko logotipoko bihotza irudikatu arte.  Azkenik, ikasturtean barrena askotan erabilitako arrantzaren jokoaz baliatuko dira hurrengo ikasturteko erronkak zehazteko: "Hainbat hitz izango dituzte arrantzatzeko, eta hitz bakoitza sailkatu egin beharko dute, kirolean, aisian edo harremanetan; hortik aterako da Haurren Hiria sortzeko hurrengo erronka".

18:00etatik 18:30era, berriz, neska-mutilek beren erronkak azalduko dituzte bertsoz, antzerkiz eta esketxez. Azkenik, 18:30etik 21:30era bitarte DJa eta txokolatea izango dira, bertaratu nahi duten herritar guztientzat.

Eguraldi ona eginez gero, egitarau guztia Zerkausi gaineko terrazan izango da; aldiz, euririk egingo balu, Zerkausian bertan ospatuko lukete jaia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!