147 bikotek hartuko dute parte Ataria Pilota Txapelketaren lehen edizioan. Guztira 307 (262 mutil eta 45 neska) pilotari gaztetxotik gora, ordezkoak tarteko. Lehen jardunaldia asteburu honetan izango da, eta finala, uztailaren 4ean Tolosako Beotibar pilotalekuan. Pilotariak maila eta modalitate desberdinetan ariko dira. Esku pilotan, benjaminak bi mailatan, alebinak eta infantilak. Gomazko paletan, alebinak eta infantilak.
Txapelketa Tolosaldeko pilotaleku askotan jokatuko da. Benjamin A taldeko partidak Villabonan, Ibarran eta Bidania-Goiatzen izango dira eta B taldekoak Altzon eta Alkizan. Alebinak berriz Berastegin, Albizturren eta Ikaztegietan ariko dira. Infantilen jokorako gunea Amezketa izango da eta gomazko paleta lehiak Asteasun eta Tolosan izango dira.
Luis Galarraga antolatzaile taldeko kidea da. Hitza Pilota Txapelketaren antolatzaile eta arduradun nagusia izan da Galarraga, eta Ataria Txapelketa lehengo proiektu haren jarraipen moduan ikusten du bidania-goiaztarrak. Aldaketa nabarmenena, antolakuntzan kokatzen du Galarragak: «Eskualdeko pilota eskoletako ordezkari ia gehienak aritu gara lanean, eta hor aldaketa nabarmena izan da». Eskualdera zabaltzeko bokazioa duen txapelketa antolatu da modu horretan: «Puntatik puntara, lau izkinetan, eskualde guztian zehar jokatuko dira partidak. Haurrak hara eta hona ibiliko dira, eta hori eurentzat polita izango da».
Haur txikiek eta ez hain txikiek parte hartuko dute lehian, baina helburua pilota mundua ezagutzea eta sustatzea izango dela dio Galarragak. Horrez gain, ondorengo hausnarketa egiten du: «Gizaldiak aldatzen ari dira, eta ondorioz, gizakia ere bai. Gaur egun, haurrek eskuak zailtzeko ez dute aukera handirik. Horregatik, garrantzitsua da goiz hastea pilotarekin, nahiz eta pilota gozoak izan. Gero, bestela, pilota gogorrarekin hasten direnean oso zaila egingo zaie eskuak gogortzea».
Gomazko paletaren inguruan, berrikuntza dela dio Galarragak: «Orain arte esku pilota txapelketa antolatzen genuen, baina eskualdean gero eta indar gehiago dauka gomazko paletak. Oraingoz neskak dira modalitate horretan ibiltzen direnak, eta edizio honetan bikote guztiak nesken artean osatuak izango dira».
Nola jarraitu txapelketa?
TOLOSALDEKO ATARIA-k txapelketari jarraipen zabala egingo dio. Hiru euskarrietan, paperean, sarean eta irratian bere lekua izango du I. Ataria Pilota Txapelketak. Ataria.info webgunean partida guztien jarraipena egingo da. Egutegia, emaitzak eta sailkapenak bertan egongo dira. Paperean, asteazken eta ostiraletan izango du bere txokoa txapelketak. Irratian, asteazkenetan, 12:30etik aurrera Eutsi Goiari! kirol saioan.