Abian da Mendebaldeko Saharari laguntzeko elkartasun azoka

Imanol Garcia Landa 2015eko apirilaren 18a

Maiatzak 20 elkarteak antolatu du eta gaurtik hasita hilaren 26ra arte iraungo du, Tolosako kultur etxean. Oporrak Bakean egitasmorako laguntza jasotzea da helburua.

Laugarren urtea da martxan jartzen dutela elkartasun azoka. Elixabet Eizagirre Maiatzak 20 elkarteko kideak azaldu duenez, "elkartea orain dela sei urte sortu zen, eta gure helburua da Oporrak Bakean programan parte hartzea, haur sahararrak harreran hartuz". Elkarteak egiten duen harrera berezia dela gaineratu du: "Haurrak taldean hartzen ditugu. Lehenengo bi urteetan Brinkolako aterpetxean izan ginen, hurrengo biak Ibarrako Udalak utzitako etxebizitza batean, iaz Amasa egon ginen, eta aurten ere bertan izateko asmoa dugu".

Azokan hainbat produktu erosi daitezke: arropak, osagarriak, liburuak, jostailuak... "Urtean zehar Oporrak Bakean programan parte hartzeaz gain, Tolosaldea Sahararekin elkartearekin batera, arropa bilketa, janari bilketa, material bilketa... egiten dugu, eta gero bildutakoa hemen jartzen dugu salgai", azaldu du Eizagirrek.

Goiz eta arratsaldez egongo da irekita azoka, eta astean zehar 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da ordutegia. Azokan lortutako dirua, beraz, Oporrak Bakean egitasmorako bideratuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!