Marka hobetzeko edo korrikaz gozatzeko, II. Udaberri Lasterketa

A.Imaz 2015ko api. 16a, 16:36

Maiatzaren 1ean izango da 5 kilometroko lasterketa, Tolosan. Gaur eguerdian aurkeztu dute proba Berazubin, eta izen emateko epea apirilaren 30a bitarte egongo da zabalik.

 

Tolosa Atletismoa Taldeak II. Udaberriko Lasterketa antolatu du, eta gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, Berazubin. Bertan, taldeko Iker Epelde, Josu Gomez eta Iban Gallegorekin batera, Arantxa Estanga udal teknikaria egon dira.

Iaz ospatu zuten lehen edizioa, eta antolatzaileek azaldu dutenez, "Euskadiko denboraldiko lasterketa herrikoi azkarrena izan zen". 5 kilometroko ibilbidea erabat laua da, hau da, markak egiteko egokia. Horrez gain, korrika hasi berria denarentzat ere egokia da, zailtasun gutxi baititu itzuliak.

Probaren amaieran, parte hartzaile bakoitzak sari moduan poltsa bat jasoko du, "opari tekniko eta elikagaiekin".

Ordutegia:

10:30 Benjaminak (2005-2006) - 400m
10:45 Alebinak (2003-2004) - 800m
11:00 Infantilak (2001-2002) - 1200m
11:15 Eskola mailako lasterketen sari banaketa
11:30 Helduak - 5000m
12:15 Sari banaketa ekitaldia

Izen emateak:

Apirilaren 10ean zabaldu zuten inskripzioa, www.kirolprobak.com webgunean:

• 10 euro, helduen txip horiaren izen ematea.

• 12 euro helduen izen ematea alokatutako txiparekin.

• 15 euro egunean bertakoa.

Apirilak 30 baino lehen eginiko inskripzioak, dortsala, txip eta kamiseta teknikoa Tolosako Aralar Kirolak dendan jasotzeko aukera izango da. Horretarakoo egunak apirilaren 28tik 30era bitartekoak izango dira, 9:30-13:00 / 16:30-20:00 ordutegian.

Horrez gain, egunean bertan ere jasotzeko aukera izango da Berazubi Estadioan 09:15etik 10:45era. Jaso ahal izateko norberaren dokumenturen bat eman behar da: NAN, gidabaimena, pasaportea...

Eskola mailan lasterketan apuntatu ahal izateko egun bertan egongo da aukera, 09:15etik 10:15era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!