Tolosan erosteak duen garrantziaz sentsibilizatzeko kanpaina abiatu du udalak

Ataria 2015eko apirilaren 16a

Tolosako Udalak herriko merkataritza sustatzeko eta bertan kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian.

Tolosako Udalaren ustez saltoki eta ostalaritza guneek pizten dute herri bat, horiek itxita daudenean ez baita ezer sentitzen, kaleak hutsik daudelako. Ideia hori ardatz hartuta, herrian kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. "Zentzumen guztiak pizteko gai diren esentzia tolosarrak" islatu nahi izan ditu udalak minutu eta erdiko spotean.

Herrian bertan erosteak, "herri guztiari onurak" ekartzen dizkiola nabarmendu du udalak, dirua bertan geratzen baita, herrian lana sortzen delako eta diru hori bertan inbertitzen delako.

Bestalde, duela aste gutxi martxan jarri diren “Tolosa gune biziak” eta “Berriz enpresa” egitasmoak martxan jarraitzen dutela gogorarazi du udalak. Lehendabizikoarekin hutsik dauden lokaletako erakusleihoak biziberritzea lortu nahi da, erakargarri bihurtu, ondoren lokala bera alokairuan edo salmentan jarri ahal izateko jabeek. Horretarako itxita dauden komertzioetako erakusleihoak berritzeko laguntzak eskaintzen ditu Udalak. Eta bigarrenak, berriz, merkataritza eta ostalaritza sektoreko enpresen jarraipena erraztea du xede, belaunaldi aldaketa bermatuz. Horretarako, bitartekaritza lana eskaintzen da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!