Laskorain, 2.B mailara igotzeko lehian

Asier Imaz 2015ko api. 16a, 12:35

Laskorain Ikastolak Hirugarren Maila lehen postuan amaituko du eta Bigarren B Mailara igotzeko joan-etorriko kanporaketa jokatu beharko du.

Laskorain Ikastolak hiru jardunaldiren faltan liga irabazi du. Areto futboleko Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igotzeko, ordea, playoff-a jokatu beharko du; Errioxako maila bereko talde onenaren aurka.

Aste Santuetako bi asteko atsedenaldiaren ondoren, Aitor Garziak eta Jon Otxoa Jonikok denboraldiaren inguruko balantzea egin dute. Entrenatzailea eta jokalaria gustura agertu dira lortutakoarekin, baina, behin lehen helburua lortuta, orain, bigarrena nahi dute.

Denboraldiko gorabehera handienak hasieran izan zituen Laskorainek: partida bat galdu, beste batzuk berdindu... «Une ez hain onetan taldea elkartuta mantendu da, indartsu, eta nire ustez, hori da denboraldi honetan azpimarratzekoa. Horri esker etorri dira ondorengo emaitzak»; horrela laburbiltzen du Jonikok bere taldearen orain arteko ibilbidea.

Aitor Garziak taldearen oinarria harrobia dela dio: «Behetik urtero bi edo hiru jokalari igotzen dira lehen taldera, eta horiek, multzoan sartzea izaten da guztien lana». Horri esker, «maila oso altuko hamabi jokalari ditugu, eta lesioak nahiz bajak ez dira nabaritzen», dio entrenatzaileak.

Joniko 18 urterekin iritsi zen Laskorainera, eta gehienek bezala behetik gorako bidea egin zuen. Egun, Gil kapitainarekin eta Murgirekin batera, ibartarra beteranoetako bat da: «Jende gaztea taldera oso ondo egokitu da. Egia esan gu ere oso moldagarriak gara. Denok gustura gabiltza, eta emaitzak lagun izaten direnean, oraindik eta gusturago ibiltzen zara».

Areto futbolaz gain, taldekide bakoitzak bere egunerokotasuna dauka; eta aisialdi denbora eskaintzen diote Laskoraini. «Giro on» horrek taldearekiko konpromisoan eragina duela dio Jonikok.

Liga amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, eta Laskorainek hamar puntu ateratzen dizkio Goierriri, bigarren sailkatuari. Azken partida hauetan zer egin ongi adierazten du Jonikok: «Playoff-a etorriko da orain, eta gogoarekin hartu behar dugu. Azken bi asteetan geldirik egon gara, eta orain, lehen genuen erritmoa hartu behar dugu igoera kanporaketa aurreko partidetan. Ondoren, azken bi norgehiagoka erabakigarrietan dena eman eta irabazten saiatzeko».

Hurrengo partida larunbat honetan izango da Usabalen, 16:00etan. Aurkari bezala Villabonako Egintza taldea izango dute tolosarrek. Harmailetan jai giroa egongo da, liga ospatzeko kamisetak eta abar prestatu baitituzte Laskorainekoek. Ondoren, taldekide ohiekin batera afaria egingo dute; denboraldia borobiltzeko indarrak hartzeko asmoz.

Aitor Garzia. Laskorain Ikastolako entrenatzailea

«Aurtengo denboraldian erasoan lan gehiago egitea tokatu zaigu»

Aitor Garzia tolosar gaztea da talde horitxoaren entrenatzailea. Aurtengo denboraldian joko moldea aldatu egin behar izan dutela dio Garziak.

Hiru jardunaldiren faltan liga matematikoki irabazi duzue. Nolako bilakaera izan du ligak?
Denboraldia ondo hasi genuen, beste hainbat taldek bezala. Jardunaldia joan jardunaldia etorri, puntu gutxiren aldea izan da denon artean. Amaieran ordea, besteek huts egin dute, eta guk hori diferentziak handitzeko baliatu dugu. Azkenean, uste baino lehen irabazi dugu liga.
 
Denboraldia ondo hasi arren, hasieran partida batzuk berdindu, galdu... egin zenituzten.
Lehen itzulian horrela izan zen, bai. Bigarren edo hirugarren postuan egotea ere tokatu zitzaigun. Azken hamar partidetatik, aldiz, bederatzi irabazi ditugu. Horri esker poltsikoratu dugu liga.

Nolako jokoa egiten du Laskorain Ikastolak?
Laskorainen orain arteko erreferentzia beti defentsa izan da. Aurten, ordea, erasoan lan gehiago egitea tokatu zaigu. Sailkapen nagusian goran ikusten zaituztenean, askotan, aurkaria atzean sartuta ateratzen da partidara. Horregatik, aldatu beharrean aurkitu gara. Erasoan iniziatiba gehiago eduki behar izan dugu. Jokalari hauei baloiarekin jokatzea asko gustatzen zaie, eta ongi moldatu gara. Gol gehien sartu dituen taldea gara; erasoan ere asko hobetu dugulako.

Lehen postuan amaitu arren, igoera lortzeko kanporaketa bat jokatu beharko duzue.
Lehen, Euskal Autonomia Erkidegoan Hirugarren Mailan hamasei taldeko liga jokatzen zen. Azken urteetan, aldiz, kopuru hori beheraka joan da, eta aurten hamahiru izan gara. Hamalau baina gutxiagoko ligetan ez da zuzeneko igoerarik izaten, playoff-a jokatu behar izaten da. Guk Errioxako talde txapeldunaren aurka jokatuko dugu. Aurreko urteetan joan-etorriko kanporaketa izan da. Aurten ere horrela izango dela pentsatzen dugun, nahiz eta federaziotik oraindik ez diguten ziurtatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!