Nortasuna botila batean gordetzera kondenatuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 15a, 10:43

'Lur azpitik lurrazaleratuz' erakusketa larunbatera bitarte izango da zabalik; San Kristobal kartzelaren eta botilen hilerriaren historia plazaratu ditu.

Espetxe guztietako hormek bezalaxe, Berriobeitiko (Nafarroa) San Kristobal kartzela izandakoaren paretek ere mila pasarte gorde izan dituzte isilpean. Ezkaba mendian eraikitako gotorlekua herritarrak atzemateko harresia izan zen frankismo garaian, beste hainbat eraikinen moduan; San Cristobal kartzelak, ordea, bazuen berezitasunik.

Lur azpitik lurrazaleratuz erakusketak, Ezkaba mendiaren inguruko gotorleku, harresi, hilerri, miseria eta milaka bizitzaren inguruko informazioa eskainiko dio, bisitariari, Tolosako Aranburu jauregian. Txinparta elkartea eta Aranzadi zientzia elkartea eskutik ari dira proiektu honetan, eta botilen hilerria deiturikoaren inguruan idatzitako liburuaren osagarri da egitasmoa.


Tolosan, larunbata bitarte izango da iragan hurbileko historia pixka bat gehiago ezagutzeko aukera, 17:30etik 20:30era bitarte.

Infernu handiari botila txikiek izena eman ziotenekoa
Presondegi frankista zen San Kristobaleko gotorlekua, eta ezaguna zen, presoen bizi-baldintzak bereziki gogorrak zirelako. Besteak beste, gosea, hotza, pilaketa nahiz higiene eskasa bizi izan zituzten presoek, baina, ezaugarri horiez guztiez gain, 1938a ere data garrantzitsua izan zen San Kristobalen.

1938. urtean ihes garrantzitsu bat izan zen San Kristobaleko kartzelan. Duela astebete inguru, Aranzadi zientzia elkarteko adituek bost gorpuren aztarnak aurkitu berri dituzte Ezkaba mendian. Fusilaturiko bost gorpu dira, eta espetxetik ihes eginikoenak direla uste dute.

Ihes harrez geroztik, tuberkulosiaren aurkako osasun-espetxe bilakatu zen gotorlekua. Horrela, gaixorik zeuden presoen bizilekua izaki, Ezkaba mendiaren magalean hilerria sortu zuten, 1942an, hiltzen ziren presoentzat. Aurretik Antsoain Zendeako hilerrietan hilobiratzen zituzten San Kristobal espetxeko gorpuak, baina, herri horietako bizilagunen kexek, presondegian kanposantu propioa sortzea ekarri zuten.


1937. urtean Franco jeneralak hiltzen ziren soldadu guztiak identifikatzeko agindua eman zuen, dokumentu baten bitartez. Agindu horretan, gizonezkoak identifikatzeko dominak erabiltzeko zioen Francok eta, bestela, hanka artean botila bat ezartzeko, haien datuak botila barruan sartuz.

Azken metodo horri eutsi, eta hamaika neurri, kolore eta materialekin osatutako botilak erabili zituzten, horrela, Ezkabako hilerrian. Hortik datorkio, eraikin historikoari, Botilen hilerria izena. Horrela, gotorleku hartan giltzapetuta egoteko kondena zena zela, beren nortasuna botiletan gordetzera kondenatuak izan ziren milaka herritar.

Txinparta elkartearen eta Aranzadiren helburua San Kristobalen bizi izan ziren haiek ahanzturatik berreskuratu eta memoria biziberritzea da, batetik. 1938ko ihesaldian muga zeharkatzea lortu zuten, batzuek; espetxean hil ziren, beste asko; garai hartan jada gauzatzen zuten dispertsioarekin Espainiako beste lekuren batera eraman zituzten hainbat.

Bide horretan, haien senideei ere beren bizitzetako historiaren zati bat itzultzeko ahalegina egin dute proiektuan parte hartu dutenek. Azkenik, San Kristobaleko gotorlekuak ondare gisa duen balioa azaleratzeko bidea ere bada erakusketaren proiektua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!