Omenaldiarekin hasiko dute Aste Errepublikanoa

Ataria 2015eko apirilaren 13a

Faxismoaren biktimei egingo diete omenaldia, bihar, Tolosako hilerriko monolitoan.

Tolosako Foro Errepublikanoak, Tolosako Udala, Aranzadi Zientzia Elkartea, eta Tolosako Zine-Klubarekin batera, Kultur Aste Errepublikanoa antolatu du. Bihar hasiko da astea, 20:00etan Tolosako hilerrian dagoen oroitarrian faxismoaren biktimei egingo zaien omenaldiarekin.  

Hitzaldi batekin emango zaio jarraipena. Etzi, hilak 15, 19:00etan, Asier Muñozek Osasun publikoaren egoera eta perspektibak Tolosaldea eskualdean solasaldia emango du, Aranburu jauregian. Ostegunean, Leidor aretoan La guerra ha terminado filma emango dute, Alain Resnais-ena, 19:15ean eta 21:45ean.

Hilaren 17an, 19:00etan, Julio Diamanteren Memoria Rebelde dokumentala emango dute, kultur etxean. Azkenik, hilaren 18an, larunbata, Tolosako udaletxean Errepublikako bandera jarriko da balkoian, 13:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!