Aisialdia hezteko baliatuz, hamarkada pasatxo

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 10a, 09:46

Gazte Topaguneak azaroan bete zituen 10 urte; hezitzaileek tresna integratzailetzat dute

Tolosako kultur etxeko lehenengo solairua hartzen du, herriaren erdi-erdian dago, eta ostegunetik igandera bitarteko arratsaldeetan zabalik izaten ditu ateak, 12 eta 17 urte bitarteko neska-mutilentzat. Gazte Topaguneak duela hamar urte pasatxo ekin zion bideari, eta Marta Lasa hezitzaileak ezinbesteko tresnatzat ditu Tolosakoa bezalako guneak: «Aisialdi hezitzailea eskaintzea da Topagunearen funtzioa, adinkideekin harreman sareak sortuz eta beren ekarpen eta proposamen propioak eginez».

Horrela, asteburuetarako eskaintza gisa abiarazitakoa lau egunetara zabaldu zuten, bi urteren buruan, ostegunetik igandera bitarte. Lasak azaldu duenez, hamarkada honetan barrena bilakaera bat izan du Tolosako Gazte Topaguneko erabiltzaileek profilak: «Hasieran gaztetxoagoak bertaratzen diren, 12 urte ingurukoak. Baina, kontua da, neska-mutil horietako askok ez diotela joateari utzi eta, beraz, gaur egun gaztetxoak direnekin elkartzen dira; adin tartea zabaldu dela esan daiteke, eta oso positiboa da». Sexuari dagokionez, berriz, astean zehar mutil gehiago joaten dira Topagunera, datuen arabera, eta nesken parte-hartzea hazi egiten da asteburuetan.

Baloreetan oinarrituriko aisia

«Errespetua, euskara nahiz berdintasuna jorratzen ditugu gaztetxoekin, eta hezitzaileek neska-mutilen jarreretan esku-hartzen dute, balore horiek oinarri hartuta», dio Marta Lasak.

Modu horretan, baloreetan oinarrituriko aisialdia sortzeak bere fruituak ematen ditu, eta jarrera aldaketak nabariak direla dio Lasak, gaztetxoen artean. Bilakaera horretan, gainera, gakoetako bat hezitzaileek eta gaztetxoen arteko harremana dela dio: «Harremana aberasten joaten da, pixkana-pixkana, eta ondorio positiboak ekartzen ditu horrek, zalantzarik gabe».

Izan ere, Gazte Topaguneko hezitzaileek rola bereizi egiten da gurasoengandik edo irakasleengandik. «Gaztetxo horien erreferenteak dira Topagunean, baina bestelako harreman bat eskaintzen diete, bestelako hizketa-gaiekin», Marta Lasaren ustez.

Arantxa Agirre koordinatzaileak eta bi hezitzailek osatzen dute, gaur egun, Tolosako Gazte Topaguneko lantaldea, eta kultur etxeko txokoa gune eroso bilakatzea da, besteak beste, beren betebeharra; horretarako, dinamika aberatsak sortzen dituzte, balore horiek kontuan hartuta.

Hamarkada bateko bidea eginda ere, aisialdian zenbait balore eta bizitzarako tresna lantzeak «ez du etenik» Marta Lasak azaldu duenez: «Gizartea aldatu egin da hamar urtean, baina baloreak etengabe landu behar dira, eta gizarteari egokituta. Ikasturtearen arabera programa jakin bat diseinatzen du Topaguneak eta, horren arabera, balore batzuei indarra ematen diete gaztetxoekin, baina adar guzti-guztiak jorratzen dituzte.

Horrenbestez, etorkizunera begira ere ezinbesteko gunetzat ditu, Lasak, Topagunearen gisakoak: «Azken urteotan beste herrialde batzuetatik gazte asko iritsi da eta, zentzu horretan, kanpotik iristen denarentzat, Topagunea erreferentziazko gunea izan daiteke». Bide horretan, Lasak ez du zalantzarik: Topaguneak funtzio integratzailea betetzen du.

Paintball irteera, bihar

Aste Santuko oporraldiarekin batera, Gazte Topaguneak urtero egitarau berezia prestatzen du gaztetxoentzat.

Horrela, bihar paintball irteera egingo dute. Matrikula 10 euro ordaindu beharko da, eta izen-ematea kultur etxean bertan egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!