«Kontsumoaren ideologiari jarraiki, merkatua asko sexualizatu da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 10a, 09:30

Haur-ipuinen bitartez hezkidetza lantzeko ikastaroa eskainiko du Miren Guillo antropologo eta pedagogoak.

Tolosako Jabetze eskolaren baitan, Ipuinen bidez hezkidetza lantzen ikastaroa eskainiko du Miren Guillok (Elgoibar, 31 urte), astelehenean hasita. Literatura erdigunean jarriz, gizarte justuago baten aldeko istorio eta pertsonaiak izango dituzte esku artean, eta rol tradizionalagoak jorratzen dituzten lanak ere aztertuko dituzte. Emakumeen jabetzea sustatze bidean, Autoestimua, emozioak eta jabetzea ikastaroa ere astelehenean bertan hasiko dela aipatzekoa da; astero elkartuko dira, ekainera bitarte, bizipenez hausnartzeko, eta badira leku libreak.
Literatura eta hezkidetza uztartuko dituzuenez, hasteko, azaldu zer den, zehazki, hezkidetza.
Hezkidetza proposamen bat da, hezkuntzak gaitasun eta trebetasun guztiak garatzeko aukera denoi eman diezagun; aukera berdintasuna oinarri duen proposamena da, finean.
Hori oinarri hartuta, zer jorratuko duzue saioetan?
Saioetan ipuinen mundu ederrean barneratuko gara. Liburuak genero ikuspegitik aztertzen hasiko gara, azken finean, liburuek mundua nolakoa den erakusten baitigute, kontakizun nahiz ilustrazioen bitartez: nola izan neska, nola izan mutil, nola izan lagun, nola maitatu,… Horixe aztertuko dugu liburuetan, izan ere, batzuetan, balore zehatz batzuk oso agerikoak izaten dira, baina beste askotan ez. Horrekin batera, batez ere, bestelako proposamenak ezagutu eta aztertuko ditugu tailerrean: generoaren aldetik aproposak eta interesgarriak diren ipuinak.
Irizpide zehatz batzuen arabera?
Alde batetik, genero ikuspegitik aproposak diren liburuak eskura jarri eta bilatuko ditugu eta, horrekin batera, balio literarioa ere kontuan hartuko dugu, noski. Eta literaturaren pisu horretan, plazera oso kontuan izango dugu; liburuek, betiere, erakargarri suertatu behar zaizkigu, gustukoak izan behar ditugu. Tarteka didaktikotasunarekin itsutzen gara, baina ezin da ahaztu ipuinak gozatzeko direla. Egitura, ilustrazio, hitz eta kontakizun dibertigarriak, hunkigarriak,... Finean, pizten gaituzten ipuinak nahi ditugu.
Betiko ipuinak ala estereotipoetatik aldetzen direnak, zein izango dira nagusi zuen saioetan?
Egia esan, denetik aztertuko dugun arren, bereziki bestelako ipuin edo baliabide literarioetan jarriko dugu begirada. Nabarmentzekoa da, dena den, betiko ipuin guztiak ez direla hegemonikoa; aurki ditzakegu horren estereotipatuak ez diren kontakizunak. Eta, alderantziz, ipuin berrietan denak ez direla parekideak. Askotan pentsatzen dugu ipuin berriak edo, areago, estetikoki bestelako itxura bat duten ipuinak, aldaketa baten seinale direla, baina ez du zertan. Kezkatu egiten naute, adibidez, ipuin berri askotan agertzen diren familia, desira nahiz harreman ereduek, tarteka, eredu hegemonikoak erreproduzitzeko bestelako ereduak direlako.
Dena den, azken urteotako ipuinetan nabari al da parekidetasunaren aldeko joerarik?
Kezkatzen nauen gaia da, erantzuna bai eta ez delako. Ezin da ukatu, gaur egun, genero gaiak bereziki lantzen saiatzen diren askoz ere liburu gehiago ditugula; bestelako ereduak proposatzen dituztenak. Halaber, gero eta handiagoa da betiko printzesa arrosekin eta printze gerlariekin kritikoa den sektorea. Baina, bestalde, ezin da joera hori orokortu. Esango nuke, gainera, kontsumo ideologiari jarraiki, merkatuaren eskaintza asko sexualizatu dela, adibidez, koloreetan. Jostailu denda batera sartzen garenean, esaterako, badakigu zein eskaintza dugun. Horrek guztiak identitateen eraikuntzan pisu nabarmena du.
Zein dira betiko eredu horiek sortzen dituzten rolak?
Ohikora jota, hasteko, askoz ere emakumezko protagonista nahiz pertsonaia gutxiago izaten dira ipuin horietan. Eta agertzen diren emakume horiek emakume onak edo emakume gaiztoak izaten dira sarri. Gainera, edertasun eredu zehatz bat zoriontasunarekin lotuta agertzen da askotan. Era berean, emakumezko pertsonaiak zaintzaileak, zintzoak, samurrak, lasaiak edo lotsatiak izan ohi dira; adibide bezala, Mari Errauskin, Edurne Zuri edo Loti Eder aipa genitzake. Mutilak, berriz, askoz ere indartsuago agertzen dira istorio horietan, sendoago, lehiakorrago, bihurriago eta adimentsuago. Dena den, gaur egungo liburuei dagokienez, analisi konplexuago bat egin behar dugula uste dut, ezaugarri horiek ez baitira hain agerikoak izaten. Aldaketa sozialek begirada fintzea eskatzen digute.
Azkenaldian, adituek sarri errepikatzen dute genero arteko desberdintasuna goruntz doala belaunaldi gazteenetan. Zein da horren aurkako botika?
Gai oso konplexua da, horrelakoetan, gure begirada hezkuntzara eta familietara bideratzen dugulako oso azkar. Baina esparru horietatik harago, botere-egitura bat daukagu, eta gure genero-sistemari begiratu behar diogu: zeintzuk diren hain maila sinbolikoan dauden estereotipoak; zein balio eta ideologia dauden honen inguruan; eta, halaber, gure gizartearen antolakuntza zein den. Aldaketak leku guztietatik etorri behar du, eta norberak bere lekutik ere asko egin dezake. Gakoa, beraz, zera litzateke, norbere eremuan ahalik eta gogoetatsuen aritzea.
Hezkuntzan aritzen direnekin batera, edonorentzat gomendagarria da, beraz, zure ikastaroa?
Nik ikastaroa ipuinak gustuko dituen edonori gomendatzen diot. Egia da saioetan jorratutakoa bereziki baliagarria izango zaiela hezitzaileei, ipuin kontalariei nahiz guraso eta senideei, baina ipuinetan plazera bilatzen duen edonor bertaratu daiteke tailerrera.
Hezkidetza lantzeko baliagarria den ipuin kuttunik ba al duzu?
Momentuaren, gaiaren, helburuen eta parte hartzaileen arabera, oso ipuin desberdinak erabiltzen ditut, egia esan, eta hainbat ipuin estilo tartekatzea ere gustuko dut. Horrez gain, norberaren gustu eta aldartea ere garrantzitsuak dira ipuinak hautatzerako orduan, bitartekarion plazera ere gakoa baita. Hala ere, bat edo beste aipatzearren, Amonatxoak edo Tximeleta-belarriak ipuinak esango nituzke. Horiez gain, gaur egun askoz ere ipuin gehiagok dituzte neskatila protagonistak; ausartak, abenturazaleak eta bihurriak dira, gainera. Mutilei dagokienez, berriz, badira mutil sentiberak islatzen dituzten liburu asko ere. Aipatzekoa da, gainera, badirela generoaren gaia esplizituki lantzen duten liburuak, zehazki, Adela Turinen liburuak. Horrelakoak era egokian erabiltzen ikastea ere interesgarria da.
Lanerako materiala anitza da, beraz.
Garrantzitsua da, batetik, dagoen hori ezagutzea, eta ikastaroa bezalako espazioek bide ematen dute materiala partekatzeko. Baina, horrez gain, garrantzitsuena gure baitan gogoeta hori lantzea da, izan ere, batzuetan ez dugu eskuragarri nahi adina baliabide. Beraz, jarduera hezkidetzaile hori ipuina kontatzen duenaren baitan egongo da, bereziki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!