Salbazioa hiru puntura dauka. Beraz, azken bi jardunaldiak bai ala bai, irabazi beharrekoak dira. Horrez gain, aurkariei begira egon beharko dute. Zaila; oso zaila; baina ez ezinezkoa. Eta azken partida, esperantza aldetik begiratu behar da horretarako. Sailkapen nagusiko bigarrenaren aurka, 0-1 bakarrik galdu zuten urdinek, eta aukera onenak eurenak izan zirelarik. Beraz, bi horri jarraituz, azken bi lehiak irabaztea ez da erokeria, nahiz eta aurkariak gogorrak izango diren: Bizkerre eta Eibar. Goian dauden bi talde. Baina Tolosa CF-ek ere badu bere taldea, eta sailkapenak adierazten ez duen kalitatearekin, gainera.
Salou 2015
Jubenilak, kadeteak eta infantilak eta euren entrenatzaile nahiz senideak Salouen izan dira, bertako futbol txapelketan parte hartzen. Lau egun ikaragarri pasatzeko aukera izan dute. Etxean egindako lan onari esker izan zuten Mediterraneora joateko parada. Gogoa ez zen falta eta ordu gutxi batzuk lo eginda, Port Aventuran pasa zuten egun guztia. Momenturo usaintzen zen txapelketan zehar egongo zen giroa.
Ondorengo egunetan, futbola zuten zain; aurrean talde euskaldunak, kataluniarrak, amerikarrak... futbolean jokatzeaz gain, beraien ohitura, kultura... ikasi zituzten, elkar gozatuz. Tartean paseotxoak, uretan sartu-irtenak, karta jokoak, abestiak... Guztien arteko erlazioa egunetik egunera estutzen joan zen.
Bestalde, emaitzei zegokionez, jubenilak txapelketa irabazi zuten eta kadete zein infantilek, kontsolazio fasea irabaztea lortu zuten. Hiru taldeek txapelketa guztian zehar maila bikaina erakutsi zuten, hiru garaikur ekarriz etxera.
Emaitzak alde batera utzita, ikaragarria bertan sorturiko giroa, aurretik egindako lanak, bere fruituak eman zituela ikusi zuten guztiek. Taldeko arduradunek ere hunkituta hitz egin dute: «Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, txapelketako antolatzaile, jokalari, entrenatzaile, laguntzaile zein senideei, zuen esfortzuari esker, egun hauek posible izan direlako. Bat bukatu eta denbora gutxira beste horrelako batean sartzeko gogoarekin gaude eta hau dena zuei esker! Aupa Tolosa Traka Tra!».