«Langileengan sustengatu behar da gobernua egoerari buelta emateko»

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 9a, 10:43

Orain ia sei urte Euskal Herrian izan zen Pablo Cormenzana, Venezuelako iraultzari buruz hitz egiteko. Berriz itzuli da, eta astelehenean Tolosan dagoen Engels Ateneoan hitzaldia emango du, 19:30ean. PSUV alderdiaren barruan dagoen Korronte Marxista Iraultzaileko kidea da Cormenzana.


Asko aldatu da Venezuela etorri zinen aurreko alditik?

Sei urtetan gauza asko gertatzen dira. Prozesu iraultzailearen une berezia da. Erasoak gertatzen ari dira kanpotik, besteak beste, Espainiako zenbait komunikabideetatik. Gure asmoa da beste ikuspegi bat ematea.

Zein da egungo egoera?

Prozesu iraultzaileak bere horretan ez du aurrera egin sozialismoaren aldera. Zenbait lorpenetan ez da aurrera egiten, eta atzerapausoak ere badira. Oinarrizko arazoa ekonomikoa da: petrolioaren prezioen jaitsiera handia dago eta horrek eragiten du estatuak gauzak egiteko ahalmenean. Kontuan izan behar da Venezuelak kontsumitzen duenaren %50a baino gehiago inportatzen duela. Bestalde, Chavezek lehen mailako rola zuela ere aipatu behar da. Beraz, bi aukera daude: sozialismoaren aldera egiten duzu edo politika kapitalistengana atzera egiten duzu. Bidegurutze horretan gaude.

Zer proposatzen duzue zuek?

Jendearen babesaren potentzial hori hor dago. Zenbait sektoreetan jaitsi egin da, baina orokorrean hor dago. Guk planteatzen dugu iraultza benetako neurri sozialistetara zuzentzea: produkzio baliabideen desjabetze osoa, kanpo merkataritzaren kontrola, produkzio harreman sozialistak aplikatu... Azken finean, jendeak hartzea egoeraren kontrola. Gobernuaren akatsa izango litzateke sektore pribatuarekin saiatzen jarraitzea; gutxienekoa da eta ekonomiaren parasitoa da. Langileengan eta nekazariengan sustengatu beharko litzateke, benetan iraultza bultzatzeko sozialismoaren bidetik. Hori posible da, eta egoerari buelta emango lioke; hori bai, ezin da ahaztu testuinguru globala.

AEBk esan du Venezuela «mehatxu» bat dela berarentzat.

Ez da Venezuelari bakarrik ukitzen dion kontua, beste herrialde batzuei ere ukitzen die: Argentina, Ekuador... Hori ulertzeko, egun AEBren eta Txinaren arteko gerra ekonomikoa hartu behar da kontuan. Azken urteetan Txinak Latinoamerikako merkatuak bereganatu ditu, eta AEB hori geldiarazten saiatuko da, eta ez modu baketsuan.

Oposizioaren bi kide ezagun kartzelaratu izanak zeresana piztu du.

Antonio Ledezma eta Leopoldo Lopez zein diren kontuan hartu behar da lehenbizi, zein den bere ibilbide politikoa. Gandhi eta Luther King izango balira bezala aurkeztu dira Espainiako komunikabideetan, baina berez beren ibilbideak indarkeria eta eskuin muturreko politikekin nahastuta daude, bereziki Leopoldo Lopez. Azken honen alderdiak bultzatu zuen, Madurok hauteskundeak irabazi eta gero, gobernua kentzea indarkeriaren bitartez. Guarimbak dira horren lekuko. Ledezma 1989ko Caracazoan nahastua egon zen: errepresioaren bidez bost mila pertsona hil ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!