Sormena, barne oihuen ukendu

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 8a, 13:35

Aurrez Aurre lehiaketa lehenengoz antolatu du, aurten, Tolosako Udalak; parekidetasun aldarriak artearen bidez plazaratzeko moduak larunbatera bitarte ikusgai izango dira, Aranburu jauregian.

Artea ideiak, idealizazioak, utopiak, oroitzapenak, ametsak nahiz pozak adierazteko bidea izan da, mendetan barrena. Baita frustrazioak plazaratzeko tresna ere. Emakumearen Nazioarteko Egunak horiek guztiak bildu ohi ditu, eta Tolosan, aurten, lehenengoz arte lehiaketa multidiziplinarra abiarazi dute, sentimendu horiek sormenarekin uztartuz, Askatu korapiloa izenburupean.
Euskal Herri mailako lehiaketa aurkeztu zuen Berdintasun Sailak eta, egia esan, harrera ona izan du egitasmoak. Korapilo horiek sormenaren bitartez askatu dituzten sortzaileen lan guztiak ikusgai dira Aranburu jauregian, eta larunbata izango dute azken eguna, aretoko fokoen pean.
Pintura, serigrafia, argazkilaritza, zeramika, collage-a, ikus-entzunezkoa nahiz literatura dago, zintzilika, Aranburu jauregiko hormetan, eta bide esplizituagoei zein abstraktuagoei helduta, hausnarketara bultzatzen dute obra guztiek.
Gaur egungo harremanen inguruko hausnarketara; emakumearen irudiaren hausnarketara; publizitate eta moda ereduen inguruko hausnarketara; estereotipo erabat erroturikoen inguruko hausnarketara; sexuagatiko indarkeriaren hausnarketara.
Asmo batekin zein bestearekin osatutako lanak, bisitariak bere gisara interpretatzeko tarte bat ere uzten dute lanek, eta, beraz, feminismoa, gizon eta emakumeak maila berean izan eta bizitzea defendatzen duen mugimendu hori, hamaika begitatik begiratzeko aukera ere bai.
Tartean dira, noski, Nerea Lopez irabazlearen serigrafia eta pintura lana, eta baita gainerako sarituak ere.

________________________________________________________________________________

Nerea Lopez • ‘Aurrez aurre’ lehiaketako irabazlea

«Neure burua ez dut feministatzat, eta norbanako gisa bilatzen ditut gauzak»

Krisialdi pertsonal batek bultzatu zuen Aurrez Aurre lehiaketako lan irabazlea sortzera; orain, artearen krisi orokorra du kezketako bat, serigrafiaren begietatik.

Artearen bidera lerratu zituen ikasketak eta, duela zenbait urte, barrenak eskatuta sorturiko lan batek eman dio, Tolosako I. Aurrez aurre lehiaketako txapela. Beste lan guztien artean, Nerea Lopezena ere ikusgai da Aranburu jauregiko erakusketan.
Zerk eraman zintuen obra hori sortzera?
Duela zenbait urte egindako lana da. Artelekun nenbilen lanean, estudio batekin, eta krisialdi pertsonal eta artistiko batean sartuta nengoen. Horrela, lan hori sortzeak asko balio izan zidala uste dut, neure burua lasaitzeko, askatzeko; guztiarekin apurtzea eta berriro hasieratik hastea bezala izan zen. Izan ere, artearen munduan gauzak ez dira errazak izaten hasi nahi duen jendearentzat, eta unibertsitate ikasketak orduantxe amaitu berriak nituen. Horrez gain, emakume izateak  ere are zailago jartzen dizkizu gauzak, beraz, hastapenetako oztopo horiei aurre egiteko kemen kolpe moduko bat izan nuen. Lan hori eta beste zenbait sortu nituen modu horretan, guztiak autoerretratuen serie berean sartuz. Egia esan, ni oso gustura geratu nintzen, lasaitzeaz gainera, erakusketa batzuk ere eskaini bainituen obra horiekin.
Arte Ederrak ikasitakoa zara. Beti aritu izan zara sorkuntza lanetan?
Bai, ikasketak horra bideratzea erabaki nuen eta, orduz geroztik, ildo horri jarraitu izan diot. Artelekun proiektu bat aurkeztu nuen, eta egitasmoa aurrera ateratzeko aukera eskaini zidaten, lanerako estudio bat utziz. Lau bat urte igaro nituen horrela, eta estudioa uztea erabaki nuen, aldaketa baten beharraz. Serigrafia tailerrean lanean jarraitzen nuen, ordea, eta bertako koordinatzaile lanetan hasteko aukera suertatu zitzaidan orduan. Azkenean, zortzi urtez Arteleku izan dut lantoki. Orain, eskola bera Debara eramango dute, eta hantxe jarraituko dugu. Beraz, bai, sorkuntzari lotuta aritu izan naiz beti, eta, orain, egia da sortzeko denbora gutxiago dudala, baina hor nabil.
Serigrafia aipatu duzu. Beste diziplinaren bat ere erabiltzen al duzu zure sormena plazaratzeko?
Serigrafia lantzen dut, batez ere, eta, berez, serigrafia arte grafikoen esparruan sartzen da. Kontua da, hainbat aplikazio izan ditzakeela, eta nik erabiltzen dudan modua ez dela teknika tradizionala. Serigrafia tradizionala, finean, edizioak egitea da, beste grabatuetan bezala. Nire lan egiteko moduan, berriz, pinturarekin nahasten dut, gehienetan, teknika nahasi bat sortuz; bestela, serigrafia tresnatzat erabiltzen dut, obra hori original egiteko, obra bakar bat izan dadin. Modu horretan, unean uneko halabeharrarekin nahiz bestelako baliabideekin jokatzen du artistak.
Arte munduan ere, emakumeek bidea urratzea zailagoa dutela diozu. Aurrez aurre bezalakoek lagun dezakete emakumeen lana gehiago ikusarazten?
Nik baietz uste dut, emakumeei begirako edozein gauzak beti eman dezakeela bultzada bat. Baina, artistaren ikuspuntutik, egia da horrelako lehiaketek, oihartzun handixeagoa izan bitarte, ez dutela biderik irekitzen galeria batean lan egin ahal izateko, edo zeure burua maila gorenetan ezagutarazteko. Gauzak, ordea, pixkana-pixkana hasten dira, eta horrelakoetatik ekin behar zaio lanari, norbere bidea urratzeko ere.
Zerk aldatu beharko luke, arte munduan, parekidetasun hori eskuratzeko?
Egia esan, arte munduan ez dut emakumeen papera kolokan ikusten, une honetan. Krisialdi orokor honek sekulako eragina izan du artean. Eta egia da artea kontsumitzen duen jendea jende diruduna dela, oro har, baina, gaur egun, ez dute lehen bezainbeste kontsumitzen, ekonomiaren beherakada medio. Arte galeria asko itxi dituzte bai Euskal Herrian, bai Espainian eta baita nazioartean ere. Orduan, gero eta artista gehiago daude, beren lana erakusteko tokirik gabe; horregatik diot, gaur egun, larrialdia ez dela emakumeena, artistena, baizik. Hori apurtu beharko litzateke, lehenengo, eta, ondoren, ez dakit zein proposamen egingo nukeen emakume artistei bultzada bat emateko. Gaur egun badira izena duten emakume artistak, baina, egia da gizonezkoak askoz ere gehiago direla.
Obrak lantzerakoan, feminismoaren gaia gehiago jorratzea izan liteke gizarteratzeko modu bat, zure ustez?
Nire ustez gai guztiak landu behar dira. Egia esan, neure burua ez dut feministatzat, eta norbanako gisa, pertsona gisa, bilatzen ditut gauzak. Egia da, batzuetan, zenbait oztoporekin topo egiten dugula, eta ez zaidala bidezkoa iruditzen. Niretzat, ordea, -ismo guztiak, bai bata eta bai bestea, txarrak dira; ez naiz beren aldeko. Niri berdintasuna gustatzen zait, eta berdintasun batera iristeko, nire iritziz ez da beharrezkoa bietako bat gailentzea. Ez dakit nola azaldu. Garai batean feministek egin zuten lana oso garrantzitsua izan zela uste dut, gaur egun bizi dugun egoerara iristeko. Eta, oraindik ere, egia da emakumeok eskubide gutxiago ditugula hainbat esparrutan, gizonezkoekin alderatuz gero, baina ez zait iruditzen egunerokotasunean txertatuta dauden ohiturengatik denik. Nik, adibidez, nire egunerokoan, ez dut sumatzen eskubide gutxiago ditudanik emakumezkoa izateagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!