Kilikloneko pertsonaia guztiak, dantzan

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 8a, 11:44

Incansables txarangak eta Kiliklonek bat egingo dute larunbatean, Leidorren

Kiliklonek emanaldi berezia prestatu du larunbat honetarako. 15 urteko ibilbidean lagun izan dituzten pertsonaia guztiak bilduko dira Tolosako Leidor aretoan eta ez dira bakarrik egongo, Incansables txarangako musikariak ere egongo baitira bertan.
Ezkontza honetako emaitza dantzarako aproposa izango dela esan du Kilikloneko Sonia Ezkerrak: musikal bat. «Kiliklon familiako pertsonaia guztiak aterako dira taula gainera.
Kiliklonen abentura duela 15 urte hasi zen eta ordutik honako pertsonaia guztiak bilduko ditugu: Xurdin, Zirri, Borro, Dofasol jauna, Haizeder, Kortxea doktorea, Filomena, Tatxin eta Tatxan, Porru dj-a, Txorotxaranga... Marilur sorgin maltzurraren aztikeriak uxatzen saiatuko da aldi berean», azaldu du Ezkerrak.
Musika zuzenean Emanaldiko berezitasuna da musika zuzenean entzun ahal izango dela Incansables txarangari esker. «Incansablesekoek abestiak hartu eta moldatu dituzte, eskertzekoa da egin dute lana», gaineratu du Kilikloneko kideak. Ezkerrak azaldu duenez, aspalditik egin nahi zuten horrelako zerbait: «Gogoa geneukan horrelako zerbait egiteko eta Incansablesekoekin harreman estua dugunez, erdi brometan hasi ginen esaten emanaldi berezia prestatu behar genuela. Azkenean ideia landu eta hona iritsi gara».

Incansables eta Kiliklonen arteko harremanetik esperotakoa baino emaitza politagoa atera dela ere onartu du Ezkerrak. «Gidoia idazten hasi ginenean zerbait xumeagoa, sinpleagoa, ateratzea espero genuen, eta azkenean landuagoa geratu zaigu. Dena oso alaia izango da, musikan oinarrituta baitago». Larunbateko emanaldia, dena den, ez da bakarrik haurren gozamenerako izango, gurasoek ere oso ondo pasa ahalko dutela esan du. «Musika publiko guztiarentzat aukeratzen dugu beti; noski txiki-txikitatik hasi eta handienetaraino. Mota guztietako abestiak daude, eta horregatik diot gurasoek ere ondo pasatzeko aukera izango dutela Leidorreko emanaldian».

Emanaldia

  • Noiz. Apirilak 11, larunbata, 17:00etatik aurrera.
  • Non. Tolosako Leidor aretoan.
  • Sarrerak. 5 euro. Aldez aurretik erosten dituztenen artean Kiliklonen produktuekin osatutako bost sorta zozkatuko dituzte larunbatean bertan, ikuskizuna bukatu eta gero. Sortek Kiliklonen diskak, DVDak, elastikoak, jolasak eta posterrak izango dituzte.
    Kutxabank-eko sarrera salmenta puntuetan, Kiliklonen webgunean edota Leidorreko leihatilan erosi daitezke sarrerak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!