Infantil mailako saskibaloi selekzioak, tolosar ukitua

Mikel Iraola 2015ko api. 7a, 17:55

Euskadiko infantil mailako selekzioaren bost kide tolosarrak.

Yon Gonzalez hautatzaile duen Euskadiko selekzioa laugarren geratu da Zaragozan jokatutako Espainiako Txapelketan.


Iazko Hauster egunean jaso zituen hainbat dei Yon Gonzalez tolosarrak, TAKEko entrenatzaileak, baina ez zituen berehalakoan itzuli. «Tolosar batentzat egun gogorra izaten da, eta ez nion kasurik egin», ekarri du gogora Gonzalezek. «Bazkalostean deia bueltatu nuen, eta federazioko zuzendari teknikoa zen. Aspaldidanik nire lana jarraitzen zuela esan zidan eta erabaki zuela ni izatea mutilen infantil mailakoen hautatzailea. Bost segundo behar izan nituen baiezkoa emateko eta hortik aurrera hasi ginen antolaketa lanekin». Horren emaitza egun hauetan Zaragozan jokatu den Espainiako Txapelketan ikusi da: Euskadiko selekzioa laugarren geratu da. Finalera ez ziren sartu oso gutxigatik, finalerdian 62-63 Kataluniaren aurka galdu eta gero. Hirugarren posturako lehian Valentziako erkidegoaren aurka galdu zuten 81-49, aurreko eguneko esfortzua zela-eta.
Euskal selekzioan beste tolosar batzuk ere izan dira. Batetik Julen Zabala jokalaria. Bestetik, Goar Artetxe, Iñigo Martiarena eta Andoni Gorostidi, Gonzalezekin batera talde teknikoa osatu dutenak. Hautatzaileak izendatzen du talde teknikoa. «Hilabete asko dira eta hobeto da konfiantzazko jendearekin egotea. Hiru laguntzaileak tolosarrak dira, eta nik uste talde ona osatzen dugula», esan du Gonzalezek.
Helburu nagusiena maila ez galtzea zen, eta hori aise lortu dute. «Saskibaloiko lizentzia asko daude hemen, eta goiko mailan jarraitzea da helburua», azaldu du Gonzalezek. Aurreko uztailean hasi ziren Espainiako Txapelketa prestatzen, 40 jokalarirekin campus bat osatuz. Gero uztailetik azarora jokalariei jarraipena egin zieten euren taldeetan. Beste pauso bat Euskadiko txapelketa izan zen, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren artekoa. 18 jokalariren aurrehautaketa bat egin zuten eta Eguberrietatik hona aritu dira igandero entrenatzen. Azkenean 12rekin geratu dira eta horiek lehiatu dira Zaragozan jokatu den Espainiako Txapelketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!