Osasuna eta hiri antolamendua, eztabaida amaiezin

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 1a, 18:30

Tolosaldeko osasun zerbitzuaren inguruan udal gobernuak aurkezturiko mozioa onartu zuten atzoko plenoan, eta baita Hiri Ordenamendurako Plan Orokorra berrikusteko hasierako irizpideen proposamena ere.

Gai zerrenda luzea zuen atzo iluntzeko osoko bilkuran, eta zinegotzien arteko eztabaidek ere luze jo zuten, batez ere, bi puntutan: Euskal Herria Bilduko udal gobernuak eta EAJko oposizioak ez zuten adostasunik lortu, beste behin, eskualdeko osasun arretaren inguruko aferan. Horrekin batera, San Esteban auzoaren inguruko desadostasunak plazaratu zituzten, plan orokorra aldatzeari begira.

Tolosako Udalak joan den abenduan argitaratu zuen, etorkizuneko Tolosa birdiseinatzeko aurrerapen dokumentua; bertan, berrikuspen partziala proposatu zuen udalak, eta hamabost egunean zenbait iradokizun eta proposamen bildu zituzten.

Behin iradokizunak aztertu eta erantzunda, atzoko plenoko xedea plan orokorra berrikusteko irizpide bat onartzea zen. 2009koa da gaur egun indarrean dagoen Hiri Ordenaziorako Plan Orokorra, eta udal gobernuaren ustez "neurrigabea da". Besteak beste, San Esteban auzoan 1.100 etxebizitza eraikitzea, Renfeko geltokia lekualdatzea eta San Esteban herrira gerturatzeko lurpeko pasabideak egitea aurreikusten du 2009ko dokumentuak.

Horrela, plana berrikusteko irizpide aldaketak 500 etxebizitza inguru aurreikusten ditu auzorako, bestelako ekipamenduekin batera; gainera, Usabal nahiz San Blas bezalako eremuak ez-urbanizagarri egiteko asmoa ere azaltzen du testuak.

PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok zenbait zalantza eta adostasun azaldu zituen, eta irizpideekin ados dagoen arren, gaia mahai gainean uztea eskatu zuen bilkuran.

Tolosako udal-talde jeltzaleak, bere aldetik, udal gobernuak irizpide aldaketan egindako gastuen kalkulua zalantzan jarri zuen: "Gaia patxada handiagoarekin jorratu behar dela uste dugu". Horrela, beraiek agintean zeudela onarturiko Plan Orokorra "gaur egunerako neurrigabea" dela onartu zuen Jokin Azkue zinegotziak, eta, gaur egun, 700 etxebizitza eraikiko lituzketela berretsi, San Estebanen; Ferialekua nahiz Bonberenea zutik uzteko asmoa ere azaldu zuen, 2009ko planean ez bezala.

Ibai Iriarte alkateak, orduan, "poza" azaldu zuen, zenbait puntutan jeltzaleekin adostasuna lor zezaketelako. Dena den, plenoko proposamena "zehaztapen bat besterik ez" zela nabarmendu nahi izan zuen: "Ez da berrikuspen berezi bat, eta horrelako xehetasunak eztabaidatzeko gunea ez da gaurkoa".

Hala ere, eta Azkueri erantzunez, 1.100 etxebizitza horiek aurreikuspena ezinbesteak jaitsi beharrekoa dela azpimarratu zuen: "Etxebizitzari dagokionez, koltxoi handia dugu gaur egun, Larramendi, Corazonistas, Amarotz nahiz San Cosme Y San Damian ospitaleko eremuekin". Horrela, San Esteban esparru lasaia izateari berebiziko garrantzia eman zion Iriartek: "Argi daukagu esparru lasaia izan behar duela, hiria eta landa-eremuaren artekoa".

Gauzak horrela, irizpideak mahai gainean uzteko proposamena ez zuen udalbatzak onartu, eta irizpideen edukiak aurrera egin zuen.

Erabateko publikotasuna vs. publiko/pribatuaren osagarritasuna

Hamaikagarrenez, Tolosako udaletxeko batzar aretoa osasun eredu desberdinen arteko talkaren lekuko izan zen atzo. Eskualdeko osasun zerbitzuaren inguruan bi mozio proposatu zituzten: EH Bilduko udal gobernuarena zen bata, eta EAJrena, alternatiboa.

Udal gobernuak, besteak beste, Osasun Sistema Bateratu ezarri berria "klinika pribatua legitimatzeko pausua" dela nabarmendu zuen mozioan, eta sistema publiko eta pribatuaren osagarritasunetik urrun, "gainerako eskualdeek dutena" nahi dutela. Horrela, Eusko Legebiltzarrera beste behin bertaratzeko asmoa ere berretsi zuten.

Jeltzaleek, beren aldetik, gaur egun Tolosaldean dagoen osasun sistema "kalitatezkoa" dela azaldu zuten mozioan, eta egoera pribilegiatua dutela herritarrek, eskualdetik mugitu gabe "osasun sistema publikoa, doakoa eta integrala dutelako". Horrela, beraz, "pertsonak erdigunean jarriz", publiko eta pribatuaren osagarritasuna defendatu zuten: "Europan adibide ugari dira, bi ereduak uztartuz".

Ibai Iriartek "herritarrak nahastu nahi izatea" leporatu zien EAJko kideek: "Publikoa eta doakoa ez dituzuen desberdintzen, eta horrela jendea nahasten duzue, izan ere, doakoa izateak ez du esan nahi publikoa denik. Gainera, ondo ordainduta dago Asuncionen zerbitzua, Osasun Sailarekin duen hitzarmenetik diru kopuru ederra jasotzen baitu".

Olatz Peonen ustez, "horrelakoak esatea ez da morala", eta beren alderdiak "publikotasuna bermatzen" duela azpimarratu zuen: "Eta hori Eusko Jaurlaritzak bermatzen du".

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeko kideak ere bertaratu ziren batzarrera, eta, beste hainbat ezaugarrirekin batera, langile-ratioak hizpide izan zituen Javi Arana bozeramaleak: "Langileen herena falta da klinika horretan, eta hori ez diogu guk, enpresa batzordeak ere esan berri du ez direla denera iristen". Azkenik, apirilaren 25ean alderdi bakoitzeko alkategaiarekin antolatu nahi duten mahai-ingururako gonbidapena banatu zieten, plenoan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!