Tolosako Udalak hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu du Tolosaldeko Ataria eta 28 Kanalarekin

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 1a, 18:00

Tolosako Udalak, tokiko euskarazko komunikabideekin hitzarmena sinatu du. Urtero bezala, baina aurtengoak hainbat aldaketa izan ditu. Sinadura ekitaldian Ibai Iriarte alkateak, Xabier Saizarrek (Tolosaldeko Ataria) eta Jon Aldandondok (28 Kanala) hartu dute parte.

Tolosako Udalarentzat tokiko euskarazko komunikabideen garrantzia estrategikoa dela dio Iriartek: "Askotan aipatu dugu tokiko komunikabideek euskararen sustapenean daukaten garrantzia. Eta eskualdeari, eskualde izaera eta nortasuna ematen diote".

Ibai Iriarteren hitzetan, Tolosako Udalak argi du euskarak plaza guztietan egon behar duela. "Plaza diogunean, bizitzako arlo guztietan, hau da, publiko zein pribatuan. Euskarak tresna bat izan behar du bizitzeko, informatzeko eta txoko guztietara iristeko". Zentzu honetan, Ibai Iriarte alkateak argi du, "euskarazko komunikabideek izugarrizko garrantzia duzue. Herritarrak egunerokoan gertatzen diren kontuen berri, zuen bidez izaten duelako".

Euskarazko komunikabideak egonkortasun eske ari dira aspaldian, eta hitzarmen hauek urteko muga gainditu eta "2015, 2016 eta 2017ko epe ertainari erantzuna emango die". Iriartek nabarmendu nahi izan du euskarak izan behar duela gertakarien berri jasotzeko hizkuntza eta Tolosaldeko Ataria eta 28 Kanala tresna garrantzitsuak direla horretarako: "Guk erantzukizuna dugu, eta aitzindari izan behar dugu Tolosaldea moduko eskualde euskaldunean. Etorkizunera begira ere indartzen jarraitu beharreko proiektuak zarete".
Euskararen sustapenaren plangintzan sartu nahi izan du hitzarmena Tolosako alkateak: "Esparru horietako bat komunikabideak zarete eta etorkizunera begira lan bateratuak egiteko gaitasun eta sinergia ezberdinen artean, bat gehi bat, bi izan baino hiru izatea hobe da, eta hitzarmenen bidez bidea jorratzen jarraitzeko aukera dugu".

28 Kanaleko Jon Aldanondok bere aldetik, hogeita bost bat urtetan epe luzerako hitzarmena sinatzen Tolosako Udala aitzindari izan dela adierazi du, eta "berri on" hori eskertu nahi izan dio udalari. Hiru urte badira ere, "patxada" bat ematen duela argitu du aurrera begira jarraitzeko. Tokiko hedabideen garrantzia azpimarratu du, eta bertako albisteak profesionalki eta ondo egiteko behar handia dagoela, eta lankidetza hitzarmen hau komunikabide hobeagoak egiteko izan dadila esan du.

'Tolosaldeko Ataria'-ren jauzi kualitatiboa
Xabier Saizar Tolosaldeko Atariako ordezkariak, lankidetza kontzeptuak suposatzen duen jauzi kualitatiboa nabarmendu du, udalak laguntzaile soil izatetik proiektuko partaide eta lankide izatera pasatzen direlako. Tolosako Udalarekin ez ezik, eskualdeko beste udalekin bide bera jorratzen ari da Ataria eta bide bera hartzen ari dira eskualdeko udal gehienak.

Bi urte urrian egingo dituen proiektuak, "lau hankak" lurrean dituela esan du Saizarrek, eta egitura eta kudeaketa gero eta profesionalagoa duen proiektua dela. Produktua hobetzeko ahalegin betean ari direla adierazi du, eta irratia, papera eta webguneko lana, gero eta biribilagoa dela. Era honetan, otsailean webgunean izandako bisitak goraipatu nahi izan ditu: "65.000tik gora bisita izan ditugu, honek esan nahi du jende bat dugula atzetik. Publikoa eta bezeroak ditugu hor, beraz, euskarazkoa eta kalitatezkoa den produktua eman behar diegu". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!