TolosanKlisk izango da, aurrerantzean, egutegiko argazki lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 30a, 16:17
Ibai Iriarte alkateak eta Jon Sanz web diseinatzaileak eman dituzte azalpenak.

Josu Otaegiren omenez aukeratu dute izena; webgunea ere sortu dute, lehiaketaren plataformatzat

Hamargarrena da, abendura bitarte Tolosako sukalde, bulego nahiz gela guztiak atonduko dituen egutegia. Tolosagasak eta Tolargik ekindako bidearen ardura udalak hartu du orain, eta izen propioa ere izango du, aurrerantzean, egutegiko argazki lehiaketak: TolosanKlisk.
«Tolosan ohitura bilakatu da egutegiarena, tolosarrek propio egin dute, eta indartu egin nahi dugu egitasmoa», azaldu du Ibai Iriarte alkateak. Horrela, iaz zendutako Josu Otaegi Klisk argazkilaria omentzeko keinua izan da lehiaketaren izena: «XX. mende bukaeratik XXI. mende hasierarainoko errepasoa egin zuen argazkitan».
Izena ez da, ordea, lehiaketako berrikuntza bakarra izango. 11. egutegira begira, parte hartzea zabaldu nahi du udalak, belaunaldi eta ohitura berrietara egokituz. Horrela, webgune propioa izango du TolosanKlisk lehiaketak, aurrerantzean.

Lehian sartzean, errazagoa

Orain arteko parte hartze bideak itxi gabe, Tolosako egutegirako lehiaketaren zabalkundea hazi nahi izan du udalak, eta www.tolosa.eus atarian txoko berezitua egin diote lehiaketari.
Bertan, aurtengo gaiaren azalpena, oinarriak eta epeak irakurgai daude, batetik. Bestetik, plataforma hori erabili ahal izango da, norbere argazkiak bidali eta lehian sartzeko. Horretarako izena eman beharko da webgunean, eta datozen urteetarako ere baliagarria izango da profil hori.
Ekainaren 30era bitarte argazkiak bidaltzeko epea zabalik dago, eta herritar bakoitzak 5 argazki bidali ahal izango ditu, gehienez.
Adituen epaimahaiak 40 hautatuko ditu, eta Aranburu jauregiko erakusketako botoekin batera, webgunearen bidez ere argazki bati bozka eman ahal izango dio erabiltzaile bakoitzak.
Lehiaketaren oihartzuna zabaldu eta argazkilari gehiagoren lanak jasotzeko ahaleginaz gain, TolosanKlisk lehiaketako webgunean «ondare garrantzitsua» izango dela ere azpimarratu du Ibai Iriarte alkateak: «Egutegiko lehiaketa hasi zenez geroztik, aurkezturiko argazki guztiak bildu ditugu atal batean, irabazleak eta irabazi ez dutenak. Horrela, artxibo polita ikusgai izango da».
Apirilaren 1etik aurrera martxan izango da TolosanKliskeko atari berria, eta argazkiak igotzeko aukera izango da jada. Irudiak igo ahala ikusgai izango dira, gainera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!