Islama, belo azpiko begietatik

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko martxoaren 26a

Hajar Samadi Aranburu jauregian aritu da, Emakumeak Islamean hitzaldia eskainiz; aretoa bete egin da.

Tolosako Udaleko Berdintasun sailak martxoaren 8aren harira presaturiko egitaraua gaur biribildu dute, Hajar Samadiren saioarekin. Emakumeak islamean hitzaldia eskaini du Aranburu jauregian, eta aulkirik ez da libre geratu, bere testigantzak entzuteko.

Ana Yurd emakumeen elkarteak sustaturiko egitasmoa izan da, eta Samadi gizarte langilea bere bizipenetatik aritu da, beloaren barneko begietatik.

Arabiar, musulman eta islamista kontzeptuen arteko desberdintasunak zehaztuz abiarazi du hitzaldia, eta zenbait estereotipo eta sineste ere puskatu ditu, argi: "Herrialde arabiarretan asko dira herritar kristauak, eta baita ateoak ere; ez da hori, ordea, komunikabideek saltzen dutena".

Horren adibide, eta islamaren erabilera okerrak salatze aldera, Herrialde Katalanetako erreferendumaren inguruan ABC egunkari espainiarrak egindako photoshop-aren erabilera plazaratu nahi izan du Hajar Samadik, bi irudi erakutsiz: "Udaberri arabiarreko irudi bat txertatu zuten bandera kataluniarrak zituen irudi batean, arrazismoa sustatzen duten herritarrei subiranotasunaren aurkako jarrera are gehiago sustatzeko".

Azkenik, emakume musulmanen egunerokoaz aritu da, batez ere, etorkinak diren kasuetan: "Gehienetan senarra izaten da lehenengo bidaiatzen duena eta, ondoren, emaztea eta seme-alabak bertaratzen dira. Horrela, erresidentzia txartelaz gain, lanerako baimenak eskuratzea ere oso zaila da emakumeentzat, etorkinak diren kasuan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!