"Kontzertura joaten denak argazki ederra eramatea nahiko nuke"

Jone Amonarriz 2015ko mar. 27a, 08:00

Urte eta erdi pasa da Bide Ertzeanek azken diskoa kaleratu zuenetik. Ibilbide ederra egin du ordutik, «uste baino oparoagoa». Gaur 77 birari amaiera emango dio taldeak Topic-en iluntzeko 20:30ean.

Anaia Joni eta Karlos Aranzegirekin batera sortu zuen Imanol Ubedak Bide Ertzean taldea 1998an. Diskografia osoan zehar hainbat lagun batu zaizkie, baina 77 (Gaztelupeko Hotsak) diskoarekin hasierako hirukotera itzuli dira. Taldea sortu zen etxe berean esango diote agur disko kuttun eta berezi honen birari. Tolosan.

Gaur amaituko duzue 2013ko irailean hasitako bidea. Zein zaporerekin?
Zapore oso onarekin. Musikari askori gertatzen zaigu, disko berri bat ateratzen dugunean zalantza handiak izaten ditugula, besteak beste, ez dugulako jakiten nola hartuko duen jendeak eta zein harrera egingo dion, gustatuko ote zaizkion abesti berriak ala ez. Behin diskoa ateratzen denean, jendearen erantzunaren menpe dago zure lana. Horrek betiere halako beldur bat, halako kezka bat eragiten dizu. Eta gu hala ginen 2013ko irailean. Urte eta erdi geroago, berrogeitik gora emanaldi egin ditugu, jaialdi garrantzitsu batzuetan ere izan gara, eta oso pozik gaude. Ez genuen uste halako bidea egingo genuenik.

Gelditu gabe ibili zarete azken hilabeteotan. Nola bizitzen da argitatik itzalera egiten den salto hori bira amaitzen denean?
Naturaltasunarekin. Musika talde batentzako bizitokirik ederrena agertokia da. Bertan topatu daiteke talde baten onena. Nik beti esaten dut zuzenekoa dela talde baten neurgailurik hoberena. Eszenarioaren argi horien pean oso gustura egon gara eta uste dut oso duin ibili dela hirukotea. Orain argietatik itzalerako pausu hau oso modu naturalean emango dugu.

Beste kontu batzuetan ere bagabiltza eta orduan etena ez da erabatekoa izango. Gainera, gure eginbeharren artean ere badago entseguak egitea eta kantu berriak prestatzea eta lan hori ere oso gustura egiten dugu. Beraz ez da etena, baina bai 77 diskoarekin hasi genuen biraren amaiera. Alde batetik, irrikaz gaude ostiraleko saiorako, eta bestetik, pena pixka batekin oso esperientzia ederra izan delako, baina baita ideia berriei heltzeko gogoz ere.

Diskoaren abiapuntuan 77an Guardia Zibilaren kontrol batean hildako zuen osaba Sebas dago. Trantsizio garaiaz egiten duzuen hausnarketa jakin-minetik datorrela esan izan duzue.
Gu 77an osaba hil zutenean oso txikiak ginen. Geroztik urtero egiten diogu omenaldia eta urtero ekartzen dugu gogora. Hala ere, ez genuen oso ondo ulertzen edo ezagutzen zer izan zen garai hori; trantsizioa delako garai hura nolakoa izan zen, zein giro bizi zen... Testuinguru hartara hurbiltzeko aitzakia ederra izan da disko hau. Oso aberasgarria izan da guk ezagutu ez genuen garai hura ulertzeko.

'Non dira?' diskoan gerra garaiari egiten diozue erreferentzia, zuen aitonaren bizitzan oinarrituta; oraingo honetan trantsizioari, osabaren itzalpean. Memoria historikoa berreskuratzeak zein garrantzi dauka?
Inportantea da, oro har, edozein pertsonarentzat jakitea non dagoen, zein ingurutan bizi den, nondik datorren eta nora joan nahi duen. Galdera edo kezka horiek denok ditugu. Gure etxean, zoritxarrez, XX. mendea ez da oso gozoa izan. Euskal Herrian garai oso gaiztoak eta gogorrak egon dira, eta horrek nola edo hala bere isla izan du gure etxean; bai amaren aldetik eta baita aitaren aldetik ere. Maila pertsonaletik haratago, guretzat oso garrantzitsua da memoria historikoa.

Sufrimendu asko egon da herri honetan, eta bereziki azken berrogei urte hauetan, eragin latzak izan dituen gatazka politikoaren ondorioz. Asko hitz egiten da ETAk eragin dituen hilketez, baina egon dira bestelako biktimak ere, segurtasun indarrek edo talde parapolizialek eragindakoak. Horregatik, guretzat sufrimendua poliedrikoa izan da. Sufrimenduak milaka aurpegi ditu eta inportantea da horri argia ematea; eta ez ETAk eragin duen saminaz bakarrik hitz egitea. Batez ere, horrek askatuko dituelako korapiloak. Espero dezagun aurrerantzean halakorik ez dela errepikatuko eta aurrera urratsak ematerako orduan ez dela iragana modu partzial batean itxiko. Justizia eta egia bezalako baloreak maite baditugu beharrezkoa da memoria historikoan sakontzea.

Ikastolari ere kantatzen diozue. Zuek oso txikiak zineten 77an. Zein dira garai hartako zuen lehen oroitzapenak?
Guk lau urte besterik ez genituen eta oroitzapen oso gutxi ditugu. Apenas gogoratzen ditugu osabarekin bizitako momentuak. Nik badaukat osabari buruz halako oroitzapen bat non autoan goazen Aintzane bere bikotea zena, Sebas, anaia, ni eta arreba gazteena Olaia. Ez dakit gerora sortu dudan irudia den ala benetan nik memorian gorde dudan unea. Horrez gain, ez daukat oroitzapen garbirik garai hartaz.

Badakit jende askok borrokatu zuela Euskal Herri euskaldun baten alde, horrek esan nahi duen guztiarekin. Ikastolekin, adibidez, izugarrizko lana eta ahalegina egin zuten musu truk. Ezer ez zegoen lekutik sortu zuten guztia, haizea kontran zeukatenean. Beraien seme alabentzat euskarazko hezkuntza ziurtatzea lortu zuten, baina gerora erreferente bilakatu dira. Guk Uzturpe abestiarekin keinu bat egin nahi izan diegu; gure ama, gure izeba eta gure osaba bezala jende asko ibili zelako hori sustatzen.

Gainerako diskoekin alderatu beharko bazenute azken hau, zerk bereiziko luke?
Bereizgarri dezente dauzka. Batzuk teknikoak dira. Adibidez, diskoa zuzenean grabatu dugu, hiru taldekideak batera. Lehen aldiz, gainera, Kaki Arkarazo gabe grabatu dugu, beste produktore batekin. Hori ere erronka bat izan da guretzat. Baina bereizgarri nagusiena da hirukote formatura itzuli garela. Joni anaiak, Karlos Aranzegik eta hirurok abiatu genuen taldea. Ondoren, bidean batu ziren Fran Iturbe, gero Labrit, Labritek taldea utzi zuenean Joserra Senperena batu zitzaigun eta boskote aritu gara azkenengo zortzi urteetan.

Disko honetarako Bide Ertzeanen hasierako formatura itzuli gara. Hirukotera egin dugun itzulera da, beraz, disko honen bereizgarririk esanguratsuena. Beldur eta zalantza askorekin hartu genuen erabakia baina, bere alde on eta txar guztiekin, uste dut asmatu genuela disko hau hirukote modura grabatzen. Zuzenekoetan erakutsi dugu errepertorio egoki bat hautatuz gero, hirukote honek ondo defenda dezakeela Bide Ertzeanen izena. Hori izan da handiena, ikustea Bide Ertzean izaten jarraitu dugula hirukote formatuan, eta are gehiago batu garela.

Sinpletasunean oinarritzen bada ere, intentsitate handiko diskoa da.
Hala da. Hirukote formatuarekin soiltasunera jo dugu. Ez dago ez pianorik, ez eta organorik, ez dago Joserra Senperena, ez dago gitarra indartsurik edo koloretsurik Fran Iturberena bezalakorik... Uste dut sendotasun bat, indar bat lortu dugula akaso kantuek beraien baitan bazutena. Kantuak testuinguru batean sortu dira eta horrek bere horretan badu intentsitatea. Nik uste asmatu dugula intentsitate hori hirukotera eramaten. Horregatik diot hirukote formatuarekin asmatu dugula disko honetan, sinpletasunetik eman diogulako diskoari behar zuen intentsitatea.

Konplexutasunetik sinpletasunera eta 'Leidor Sessions'-etik Topic-era. Zergatik?
Leidor Sessions guretzat inflexio puntu bat izan zen. Talde batek bere ibilbidean beti izaten ditu momentu batzuk bereziki inportanteak direnak. Bide Ertzeanentzat koxka horietako bat izan zen Leidorren 2009an diskoa grabatu genuen unea. Garai hartan boskotea bere momenturik onenean zegoen eta iruditu zitzaigun zuzeneko bat grabatzeko une egokia zela. Tolosan halako saio berezi bat egiteko aprobetxatu genuen aukera hori. Guretzako apustu handia izan zen eta jendeak guk uste baino hobeto erantzun zuen. Topic-ekoa ere bada puntu esanguratsu bat guretzat. Zergatik Leidorretik Topic-era? Seguru aski orain ez daukagulako lehen izan genuen olatu hori. Topic-era bira baten amaiera egitera goaz, etxean eta etxekoen babesean. Ez dago arrazoi argi bat. 77 diskorako, hirukoterako, agertoki hori askoz ere egokiagoa dela ikusten dugu.

Hamargarrena izango da hurrengo diskoa. Seguruenik beste koxka garrantzitsu bat zuen ibilbidean. Lan berria jada lantzen hasiak zaretela iragarri duzue webgunean. Pistarik ematerik bai?
Lehengoan batek esan zidan: «Hurrengoa jada hamargarrena da, zerbait ona egin beharko duzue». Ni ere halakoa naiz zenbakiekin. Nire zenbakirik gustukoena gainera hamarra da. Zenbaki borobilekin beti zerbait berezia egiteko joera daukagu. Ezin dut gauza handiegirik esan ez dugulako bukatu oraindik. Lan bat bukatu aurretik ez zait gustatzen lan horri buruz hitz egitea. Baina Bide Ertzeanekin bagabiltza hamargarren erreferentzia izango denean lanean. Diskoa berezia izango da. Bi klabe eman ditzaket: Ez da disko bat izango, baina edukiko du CD bat, eta ez da liburu bat izango, baina izango du liburutik zerbait. Hibrido bat izango da.

Bestalde, apirilean DVD bat grabatzekoak gara, baina ez Bide Ertzeanekin. Azken hilabeteotan Oier Guillan eta Asier Sarasola poetekin lanean gabiltza Nola belztu behar zuria izeneko errezitaldi bat egiten. Ikuskizun horren giltzarria Joxean Artze da. Bere azken liburuetan oinarrituta osatu dugu errezitaldi hori eta grabatu egingo dugu apirilaren amaieran Usurbilen. Modu kolektiboan egingo dugun lan bat izango da, gure diskografiatik aparte egongo dena. Seguru aski udazkenean aterako da Nola belztu behar zuria izeneko DVD-a eta aurrez aipatutako Bide Ertzeanen erreferentzia hori urte bukaeran ez bada, datorren urtean aurkeztuko dugu. Geure burua orain horretan dago. Makina martxan da.

Esamoldeak dio inor ez dela profeta bere herrian. Sentsazio berezirik ematen dizue etxean jotzeak?
Uste dut profetarena egia dela. Sentsazio hori daukagu. Baina gure ibilbidean izandako unerik garrantzitsuenetako batzuk Tolosaldearekin lotuta daude. Gure hasierako emanaldiak ere hemen izan ziren, eta seguru ostiralekoa ere saio garrantzitsua izango dela. Lagunak eta inguruko jendea etortzen da eta hori beti ederra da, baina urduriago egoten gara, akaso ez diegulako gure lagunei eta etxekoei kale egin nahi.

Iluntzeko kontzertura joaten denak zer eramango du etxera?
Momentua iristea itxaron behar. Ea egun fina daukagun, ze zorionez, musika ez da gauza errutinazko bat, kontzertu guztiak dira ezberdinak eta beti aldagai ezberdinak daude: norberaren aldartea, publikoarena, aretoa, birako azken emanaldia izatea... Espero dezagun aldagai horiek guztiak modu positiboan batzea, giro ederra sortzea eta emanaldi polit bat egitea. Nahiko nuke kontzertura joaten denak argazki eder bat eramatea etxera bere barruan. Guk ahalik eta saiorik onena eman behar diogu sarrera erosten duenari eta niri gustatuko litzaidake trukean sarrera erosi duenak saio gogoangarri bat ikusi duenaren sentsazioa eramatea. Hori lortzea izango litzateke egon daitekeen gauzarik handiena guretzat, jendeak oroitzapen eder bat gordetzea luzaroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!