Xan Aire Iparraldeko euskararen osasunaz, gaur

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko martxoaren 26a

Tolosa eta Kanboko gaztetxoek ere beren hausnarketa egingo dute, 19:00etan, kultur etxean

Kike Amonarriz eta Pantzo Hirigarairen hitzaldiak ireki zuen Non dugu Iparra? hitzaldi zikloa, saio umoretsu eta arrakastatsu batekin. Gaur zikloaren bigarren hitzordua izango da, Xan Aireren eskutik.  
Seaska ikastoletan Euskaraz Bizi egitasmoa bideratzearen arduraduna da bera, koordinatzaile lanetan. Horrela, Ipar Euskal Herriko euskararen egoeraren marrazki bat egingo du gaurko hitzaldian, aktualitateari loturik. Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren kasua aztertuko du, batetik, eta Kaskaroteneak inguru hartan duen garrantzia azalduz. Eta, oro har, Iparraldeko euskararen ezagutza nahiz erabilera datuak ere hizpide izango ditu, etorkizuneko erronkak zehaztuz.

Gaztetxoen begietatik

Xan Airek bere azalpenak eman aurretik, euskararen etorkizuna eskuetan dutenen testigantzez gozatu ahal izango dute bertaratuek.

Izan ere, Kanboko Etxepare Lizeoko neska-mutilak Tolosan dira egunotan. Laskorain ikastolarekin senidetuta daude, eta bi ikastoletako ikasleek sarrera moduko bat egingo dute. Tolosarrek, beren aldetik, Kanbon ikusi dutena azalduko dute, egoera linguistikoari dagokionez; bide beretik, kanbotarren ere beren iritzia azalduko dute Tolosako euskararen egoerari dagokionez.

Abiapuntu hori izango du, beraz, Airek, bere azalpenak argudiatzeko. Guztia, gaur, 19:30ean, Tolosako kultur etxeko areto nagusian izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!