Bigarren aukera du

M.Iraola 2015ko mar. 25a, 12:44

Argazkia: La Gallofa Cantbasket

Cantbasketen aurka ezin izan du sorpresa eman TAKEk. 86-67 galdu dute tolosarrek.

Buruan galdera batekin bidaiatu zuen TAKEk Santander aldera: «Zergatik ez?». Abenduan ezustekoa eman zuen kantxa berean beste sorpresa bat eman eta hirugarren postuari heltzeko aukera zuten tolosarrek Cantbasketen aurka. Posible zen.

Ezinezkoa izan zen, ordea. Kantabriarrak hobeak izan zirela onartu besterik ez dago. Hasieratik bukaerara arte. «Akats larriak egin genituen, bereziki defentsan, eta horrek baldintzatu zuen neurketa hasieratik», zioen atzo Yon Gonzalezek Ataria Irratia-n. Kanpoko jaurtitzaile onak ditu Cantbasketek, eta hein batean horiek baliatu zituen tartea zabaltzeko.

Horrelako talde baten aurka akatsak garesti ordaintzea nahikoa ez bada, epaileen lanak ere are gehiago bideratu zuen neurketa, Santanderreko taldearen mesederako. «Gure jokalariei kontaktu minimo batekin faltak adierazi zizkieten, eta segituan faltak pilatzen hasi ginen», dio Gonzalezek.
Azken emaitzak hori guztia islatzen du: 86-67. Ahaztu, akatsak zuzendu eta lanean jarraitzea besterik ez dago.

Izan ere, galdera horren baiezko erantzunak, momentuz behintzat, itxaron egin beharko du. Ez askogatik, larunbat honetan laugarren sailkatua izango baita Usabalen, eta bigarren aukera bat izango duelako.

Estelari irabazi zion etxean, sekulako norgehiagoka jokatuta. «EBAko talderik exotikoena da agian: amerikarrak dituzte, kanariarrak, galiziar bat, eta ACBn entrenatu duen prestatzaile bat. Sekulako taldea dute». Hasiera negargarriaren ondoren, hazita datoz Tolosara, baina parean «garaipena lortzeko motibatuta» dagoen talde bat topatuko dute. Eta horra berriro galdera: «Zergatik ez?».
Lortu ala ez, galderaren erantzuna hein handi batean ere emana du TAKEk denboraldi osoan zehar.

Harmailetatik: Beñat Azaldegi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!