‘Argitu’ egitasmoaren berri emango dute gaur Tolosako kultur etxean

Imanol Garcia Landa 2015eko martxoaren 25a

Aurkezpena Tolosan da; Orendain ere izango da beste aitzindarietako bat

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da Argitu, lurraldeko etxebizitzetan argindarraren kontsumoa «aise eta erraz murriztea» bultzatzera bideratutakoa. Egitasmoaren berri emango dute gaur, 18:30ean, Tolosako kultur etxean egingo den aurkezpenean. Bertan izango dira Rubiko ordezkariak, Rubi Brilla egitasmoa azaltzeko.

Gipuzkoan hainbat udalerrietan jarriko da martxan Argitu egitasmoa. Eskualdean, Tolosan eta Orendainen. Aldundiak azaldu duenez, «energia noiz eta nola kontsumitzen dugun jakinda, % 18raino aurreztu dezakegu urteko faktura energetikoa». Horretarako, Aldundiak proposatzen du etxebizitzako kaxa elektrikoan neurgailu digital bat jartzea, etxeko argindar kontsumoa neurtzeko. «Gailu hori webgune bati lotuta dago; hala, erabiltzaileak bere etxebizitzako kontsumo datuak kontsultatu eta alderatu ditzake, eta baita kontsumo hori eragiten duten baldintzatzaileak ere», zehaztu du aldundiak.

Aplikazio informatikoak aholkulari energetiko pertsonalizatu bat dela esan daiteke. Hainbat informazio emango du: kontsumoen historikoa, hilabeterako kontsumo aurreikuspenak, eta baita energia kontsumo banakatua ere (zenbat kontsumitzen den etxetresna elektrikoak, sukaldea, ikus-entzunezko ekipoak, argiteria eta abar erabiliz). Horrekin batera, erraztu egiten du kontsumo energetikoa murrizten, etxera egokitutako eraginkortasun energetikoko neurri errazak abian jarrita; webguneak berak proposatzen ditu.

Egitasmoan parte hartzen duten herritarrek, era berean, ikusi ahal izango dute beren etxeko unean uneko kontsumoa, kontratatuta duten potentzia egokia den balioesteko moduan.

Azkenik, webgunearen bidez, harremanetan jar daitezke beste erabiltzaile batzuekin, kontsumoak alderatzeko eta zalantzak trukatzeko, aurrezpen ekintzak proposatzeko eta abar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!