Erakusleihoak ere kaleak biziberritzeko tresna

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 18a, 14:28

Tolosa Gune Biziak egitasmoaren baitan, itxita dauden lokaletako erakusleihoak egokitu ahal izango dituzte merkatariek, beren produktuak erakutsi eta kaleak biziberritzeko.

Herrialde Katalanetako Olot herritik jaso du ideiak, Tolosako Udalak, aurkeztu berri duten egitasmoa abiarazteko. Duela bi urte inguru, jarduera ekonomikoa gainbehera doan guneak suspertzeko helburuz jarri zuten martxan, Kale Nagusian, ekintzaileentzako negozio berrien Tolosa Merkat programa, eta haren emaitza onek bultzatu dute udala, proiektu berri honetan sartzera.

Eguneroko kale-bizitza galdu duten guneak identifikaturik dituzte jada, eta lokal hutsetara begira jarri dira egitasmo berriarekin: hutsik dauden lokalen erakusleihoak hartzeko aukera izango dute, aurrerantzean, herriko merkatariek, beren produktuak erakusleiho horretan ere erakusteko.

Herri guztiari begirako proiektua den arren, hasiera batean Alde Zaharra izango du helburu udalak eta, horrela, Errementari kaleko goiko zatian egin dute aurkezpena: "Argi dago kale honen hasierak erabat galdu duela jarduera komertziala, baina biziberrituko balitz, jendea nahigabe igaroko litzateke kale honetatik".

12.000 euroko partida, kaleak dantzan jartzeko

Lokal hutsen jabeekin bilera bat egin ondoren, bertaratuek "oso begi onez" jaso zuten proiektuaren berri, Ander Lizaso lokal jabeak azaldu duenez. Horrela, udala merkatarien eta jabeen arteko bitartekaria izango da, eta 600 euroko diru laguntza eskainiko dio, merkatariari, hartu duen erakusleiho hori behar bezala egokitu eta ondu dezan.

Lokalen jabeek, berriz, proiektuan parte hartzearen truke, %50eko deskontua izango dute Ondasun Higiezinen Gaineko zergan: "Gainera, lokala bera ere erakargarriagoa izango da, etorkizunean norbaitek erosiko balu. Beraz, jabeontzat ere oso onuragarria da", dio Lizasok. Gauzak horrela, Tolosa Gune Biziak egitasmoak bi onuradun izango dituela berretsi du Ibai Iriartek: "Merkatarien onurarako eta lokal jabeen onurarako izango da eta, finean, herri osoarentzako".

Tolosako Udalak 12.000 euroko partida du proiektua garatzeko, eta berau amaitu arte zabalik izango da izen-ematea. Tolosako Udaleko garapen ekonomikoaren sailean egin beharko dira tramiteak, bertaratuta, 943 69 74 54 telefonora deituta, nahiz enplegua@tolosa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita. Bide beretik, proiektuaren nondik norakoak biltzen dituen esku orria ere banatzen ari dira egunotan.

Oraingoz Alde Zaharreko erakusleihoak biziberritzeari lehentasuna eman nahi dio udalak, baina horrek ez die zabalguneko merkatariei, proiektu berrian parte hartzeko aukerarik kenduko, Iriartek azpimarratu duenez: "Areago, zabalguneko merkatariek beren produktuak Alde Zaharreko erakusleihoetan jartzea ere gure ideietako bat da, eta, alderantziz, Alde Zaharrekoek zabalguneko erakusleihoak erabiltzea". Izan ere, Errementari kalea jomuga duten arren, Gudari kalea ere adibidetzat jarri du Ibai Iriartek, jarduera ekonomikoa biziberritzeko beharra duten guneak aipatzerakoan.

Tolosako espazio komertzialak berreskuratze bidean, azkenik, aipatzekoa da proiektuan parte hartuko duten erakusleiho guztiek estetika bateratua mantenduko dutela, binilo batzuen bitartez, lokal horiek negozioak abiarazteko eskuragarri daudela jakinarazteko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!