Tolosa CF-Bergara, bihar, Berazubin

A. Imaz 2015ko mar. 18a, 14:39

Erregional Ohorezko Mailan, bihar jokatuko da 22. jardunaldia. Tolosak etxean jokatuko du, Bergararen aurka. 

Urdinak sailkapen nagusian hirugarren daude, Bergara, aldiz, azken laugarren. Hala eta guztiz ere, ez da partida erraza izango, maila horretan talde guztien artean berdintasun handia dagoela ikusten baita jardunaldia joan jardunaldia etorri.  

Aste honetan ligako bi partida jokatuko ditu Tolosak, igandean, Zarautzen etxean jokatuko baitute urdinek. Aste ezohikoa izanik, entrenamenduetan ere aldaketak egin behar izan ditu Iker Dorronsoro entrenatzaileak. Ohiko hiru entrenamenduak moldatu eta errekuperazio saioak sartuko ditu, batez ere, biharko partidaren osteko saioan.

Biharko aurkariari dagokionez, Dorronsorok partidaren garrantzia azpimarratzen du, arriskuak kontuan hartu behar direla gogoratuz: «Bergara atzean dagoen aurkaria da. Azken hilabetean entrenatzailea aldatu du. Azken partidan, Hernaniren aurkakoan, bi aldiz aurreratu ziren etxetik kanpo, eta 95. minutuan galdu zuten partida. Forman dagoen talde bati aurre egitea ez da erraza, eta lehiakorrak direla erakutsi zuten. Ez da partida erraza izango».

Tolosa CF bera ez da nolanahiko aurkaria. Bigarren itzulian 19 puntu lortu ditu. Itzuli horretako sailkapen nagusia egingo bagenu, urdinak bigarren postuan egongo lirateke, Aurreraren atzetik, bi puntura. «Taldearen bigarren itzulia hor dago. Aurreko taldeekin lehiatzen ari gara, eta zenbakiak hor daude. Ez da kasualitatea. Gabonetatik hona, taldeak dinamika ona hartu du, eta momentu askotan joko polita eginaz gainera. Emaitzak hor daude: bizirik gaude, eta aurrera jarraitzeko ilusio handiarekin», dio Dorronsorok.

Lesioak medio, denboraldi osoan ez du talde guztia bere aginduetara izan entrenatzaileak, baina horri, alde positibotik heltzen dio igeldoarrak: «Jokalari guztien artean banatu ditugu minutuan, taldean inplikaturik egoteko helburuarekin. Liga amaiera honetara, fresko iritsi garela uste dut, bai fisikoki eta baita mentalki ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!