"Pertsonak zementuari gailendu" behar zaizkiola dio EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 17a, 11:36

Ander Rodriguez diputatuak eta Ibai Iriarte Tolosako alkateak agerraldia egin zuten atzo, Gizarte politiken batzarraren aurretik. 

Tolosako Euskal Herria Bilduk gizarte politiken herri batzarra egin zuen atzo, kultur etxean. Ander Rodriguez gizarte politikarako diputatua lagun izan zuen Ibai Iriarte alkateak eta, bien artean, "gizarte justu eta orekatu bat helburu" dutela nabarmendu nahi izan zuten. Horrela, bertaratuen iritziak bildu nahi izan zituzten batzarrean, beren hauteskunde programa osatzeko.

Rodriguez, bere aldetik, azken legealdian Gipuzkoako gizarte politikek eman dutena azaltzen saiatu zen eta, besteak beste, "zerbitzuen estaldura handitu" egin dela dio, 534 plaza berri sortuz. Bide beretik, "zaintzaileak ere zaindu egin behar dira" diputatuaren ustez eta, beraz, eguneko zentro batzuk asteburuetan zabaldu dituzte, aldi baterako ingresoak abiaraztearekin batera.

Gizarte zerbitzuak erabiltzeko deia egin nahi izan zien herritarrei, izan ere, "aurreiritzi asko ditu gizarteak, oraindik ere". Horrela, "kopagoa jaistea ezinbestekoa" dela dio.

Tolosari begira jarriz, datu zehatzak eskaini zituzten EH Bilduko kideek, eta 828 pertsona mendekotasun egoera bizi direla azaldu zuten: "Horietatik 644 artatzen ditugu, aldundiaren bitartez. Gainera, gogora ekartzekoa da, datorren uztailaren 1etik aurrera, ia 200 pertsonak laguntza ekonomikoa jasoko dutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik; lehen graduko mendekotasuna dutenak izango dira".

Horrenbestez, "hurrengo legealdian gizarteak behar dituen beharrei erantzuteko zerbitzuak indartzen jarraitu behar dugu", dio Ibai Iriartek: "Azken lau urteotan gure politika horretara bideratu dugu, diru poltsak handituz, Iurreamendiko zerbitzua gauean ere zabalduz, Abegiri diru laguntza handiagoa eskainiz eta behar bereziak dituzten herritarrei etxebizitzak egokituz, esaterako".

Azkenik, datozen lau urteei begira, beharrezkotzat jo du, Ibai Iriartek, Tolosako pobreziaren datu zehatzak ezagutzea, "horrekin lanean hasi eta pertsonak zementuari gailentzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!