Oztopo arkitektonikorik gabeko etxebizitzak, Plaza Berrian

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 16a, 12:05

Tolosako Udalak hiru etxebizitza berri egokitu ditu, irisgarritasun arazoak dituzten herritarrentzat; hiru pertsonako familia-unitateei begirakoak dira, gehienez ere.

Plaza Berriaren inguruan, hiru etxebizitza berri prest dira, irisgarritasun arazoak dituzten herritarrentzat. Udalak Erretengibelekin sinatu duen hitzarmenari esker, hamar urtez zerbitzu hori eskaintzeko erabili ahal izango dituzte hiru etxebizitzak, luzatzeko aukerarekin.

Horrela, Rondilla kaleko ezkaratz batetik dute sarbidea, bi etxebizitzak; 50 metro karratu inguruko azalera dute, eta bi logela, komuna eta sukalde-egongela dituzte. Hirugarren etxebizitza, berriz, txikixeagoa da, eta Plaza Berritik bertatik du sarbidea; 40 metro karratu ditu, eta logela bakarra. Gauzak horrela eta, legeak dionari jarraituz, gehienez ere hiru kideko familia unitateak bizi ahal izango dira etxebizitza horietan, ez gehiagokoak.

Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, etxetik ateratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat nahiz etxean bertan oztopo arkitektonikoak dituztenentzat egokitu nahi izan dituzte etxeak, "askori bizitza baldintzatzen baitie" etxebizitzak: "Gutxienez kalera irten daitezela, eguzkia hartzera edo banku batean eserita egotera, baita atera daitezela".

Horren harira, zehaztapen txiki bat egin nahi izan du Ana Lozano gizarte zerbitzuetako arduradunak: "Zerbitzu hau ez da ohean dauden herritarrentzat, muga arkitektonikoen ondorioz kalea irten ezin dutenentzat, baizik". Gainera, tolosarrei gogora ekarri nahi izan diete, bidenabar, udalak badituela denbora-tarte laburretako arazoei aurre egiteko etxebizitzak: "Inork hanka puskatzen duenerako, suteetarako eta abarretarako, azken lau urteotan beste hiru etxe ere egokitu ditugu, lehen zeudenez gain. Ia beti beteta izaten dira, eta hori seinale ona da, horretarako baitaude".

Pauso berri bat, alokairu soziala indartzeko

Irisgarritasun arazoak izan arren, gutxieneko autonomia duten pertsonei begirako egitasmoa da, udalak aurkezturikoa. Horrela, bi baldintza bete beharko dituzte, herritarrek, etxebizitza horietan sartu ahal izateko. Batetik, 7. gradutik aurrerako mugikortasun urri-iraunkorra dutela ziurtatu beharko dute eta, bestetik, beren egungo etxebizitzak gutxieneko irisgarritasun baldintzetara ez direla iristen ere frogatu beharko dute.

Izen-ematea datorren apirilaren 11ra bitarte zabalik izango da, eta interesa dutenek udaleko etxebizitza sailera bertaratu beharko dute. Aipatzekoa da, baldintzak bete eta beste zenbait etxebizitza zerrendatan dauden herritarrei Plaza Berriko etxebizitzen eskaintzaren berri ematen ari direla, jada.

Behin zerrenda itxita, gainera, ez dute zozketaren sistema erabiliko etxebizitzak esleitzeko: "Gizarte langileek elkarrizketak egingo dizkiete herritar horiei, eta datuen arabera baremoa zehaztuko dute, erabakia hartzeko".

Errenta sozialaren sistema erabiliko du udalak, etxebizitzak ustiatzeko, eta 200 eta 400 euro arteko prezioa ezarriko diete, diru sarreren arabera. Modu horretan, Plaza Berriko etxeetan sartuko diren herritarrek jabetzan etxebizitzaren bat izanez gero, hori udalaren esku utzi beharko dute, errenta sozialaren bitartez erabili ahal izateko.

Igarondo igerilekua zeneko urbanizazio berrian, Agaramundun, sistema bera abiarazi zuten, 70 urtetik gorako herritarrek irisgarritasun arazorik gabeko etxebizitzak izan zitzaten. Kasu honetan, ordea, eskaintza "irekiagoa" izango da, adinari dagokionez: "Gazteek ere zailtasun handiak izan ditzakete".

Alokairu legeak dionari jarraituz, hiru urteko kontratua sinatuko dute herritarrek, eta epea amaitzean berrikusi egingo dituzte hitzarmena zein baldintzak, luzatzeko aukerarik ba ote den erabakitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!