EAJk 504 ekarpen jaso ditu tolosarren eskutik

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko martxoaren 13a

Herritarren iritziak biltzeko abiarazitako parte hartze sistemarekin batera, herriko 50 eragile ingururekin elkartu direla azaldu du Olatz Peon alkategaiak.

"Oso pozik" azaldu du da Olatz Peon, Tolosako EAJren alkategaia, Patxi Amantegi eta Nuria Carbonell alboan zituela. Hauteskunde programa osatzeko herritarren iritziak biltzeko nahia azaldu zuten inauterien aurretik eta, behin kanpaina amaituta, 504 ekarpen iritsi zaizkiela azaldu dute: "Ohiko postaz, mezu elektronikoz eta atea azpitik ere iritsi zaizkigu ekarpenak".

Horrez gain, "jada 49 bilera" egin dituzte Tolosako hainbat esparrutako eragileekin: "Ekonomia, gizarte, kultura eta kirol eragileekin elkartu gara eta, datorren astean, beste lau bilera zehaztu ditugu. Halaber, gai zehatz baten inguruan lanean aritzen diren norbanakoekin ere elkartu nahi izan dugu".

Bide horretan, tolosarren jarrera "irekia eta positiboa" izan dela azaldu du, hori tolosarren nortasuntzat joz. Gogora ekartzekoa da, parte hartzeko galdeketan zenbait gai proposatu zituztela jeltzale tolosarrek, eta, bildu dituzten iritzien artetik, zenbait nabarmendu dituzte agerraldian.

Auzoei dagokienez, esaterako, Iurren haur parke bat egitea proposatu dute zenbaitek, eta baita Amarozko bide gorria Txaramaraino luzatzea ere. Halaber, erdiguneko tren geltokiko irisgarritasun eta segurtasuna hobetzeko eskaera egin dute tolosar batzuek, Peonek azaldu duenez: "Madrilekin harremanetan jarri gara, eta esan dezakegu laster obrak hasiko dituztela, apeaderoan igogailua jartzeko".

Ekonomiari dagokionez, langabezian daudenentzako ikastaroak antolatzea edo autoenplegua sortzeko bideak eskatu dituzte 504 herritar horietako zenbaitek. Bide beretik, hondakinen gaia ere proposaturiko bat izan da parte hartze prozesuan eta, horrela, "ia denek bosgarren edukiontzia ezartzea eskatu dute; egiari zor, ordea, bi ekarpen egungo sistemarekin ados azaldu dira, nahiz eta hondakinak egunero ateratzea eskatu duten".

Azkenik, TAO sistemak iritzi kontrajarriak bildu dituela azaldu dute jeltzaleek, eta "Tolosaren irudia gehiago zaindu beharraz ere ohartarazi dute herritar batzuek", dio Peon alkategaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!