"Ilusioa sortzen dit etxean jotzeak"

Iñigo Terradillos 2015ko mar. 11a, 16:49

Larunbatean kontzertua eskainiko du Belako talde mungiarrak Bonberenean. Bateria-jolea, ordea, tolosarra da. Lander Zalakain da bera, eta taldearen egunerokoaz hitz egin du.

Etzi, kontzertua emango duzue Bonberenean. Nolako kontzertua izango da?
Orain bira erdian gaude, eta kontzertuetan, 2013an atera genuen Eurie diska eta pasa den urtean argitaratu genituen Bele beltza baino ez eta AAAA bi EPeen nahasketa moduko bat egiten dugu. Autogestioaren bidea hasi genuen lan horiekin.

Etxean jotzeak nolabaiteko urduritasuna sortzen dizu?
Hori baino ilusio gehiago sortzen du. Leku askotan jo dugu, baino ez dago etxean jotzea bezalakorik. Bonberenea etxea da guretzat, eta beti izango da espeziala bertan jotzea.

Belakok doinu indartsuak ditu, post-punk estiloan kokatzen zaituztete.
Intentzioa hori da. Indarra eta rocka sentitzea, eta hori transmititzen saiatzen gara. Dena den, guri ez zaigu gustatzen esatea post-punka soilik egiten dugula. Eklektikoa edo anitza da egiten duguna. Post-punkaz gain, 90eko hamarkadako Noise amerikarra egiten dugula ere esaten dute askok. Elektronika edo New Wave ere bai. Indie egiten dugula ere diote, nahiz eta ez dugun oso gustuko. Denetariko etiketak jartzen dizkigute.

Zein talderekin lotu genezake?
Bat bakarrik soilik ezingo nuke esan. Aipatu ditugun estilo guztietatik agian bai daukagu nolabaiteko maitasun bat 80ko hamarkadako Ingalaterrako taldeekiko: Joy Division, New Order, The Cure... Post-punka irudikatzen duten taldeak dira. Hala ere, Estatu Batuetara ere joaten gara: Nirvana... Egungo musika ere gustatzen zaigu: Christal Castles esaterako.

Hasieran bertsioak jotzen zenituzten, eta kontzertuak lokal txikietan ematen zenituzten, GAZTEAko maketa lehiaketa irabazi zenuten arte
Gustuko genituen taldeen bertsioak eginez hasi ginen, Pixies, etab. Gure kantu propioak egiten hasi ginen. 2012ko apirilean irabazi genuen maketa lehiaketa eta horrek pisua eman zion proiektuari, beste presentzia bat irabazi zuen taldeak. BBK Liven jo genuen, bideoklipa grabatu genuen... Horrek komunikabideetan-eta aipamenak ekarri zituen eta gauzak 'serio' jartzen hasi ziren.

Sariak ere irabazi dituzue. Rolling Stone aldizkariak Espainiako errebelazioaren saria eman zizuen.
Sinestezina izan zen. Horrek ere azken boladan eman digu nolabaiteko garrantzia, ez soilik Euskal Herria mailan, estatu mailan ere bai. 

Etorkizun oparoa duen taldea da Belako.
Askotan esan izan digute hori, baina ez dakigu zer gertatuko den. Une honetan asko gozatzen dugu egiten dugunarekin eta horrela jarraitzea espero dugu. Argi dugu laurok ondo pasatzen ez badugu utzi egingo dugula. Egia da sariek guztiari seriotasun gehiago eman diotela, baditugulako ardura batzuk, baina nik uste dut garrantzitsuena egiten dugunarekin disfrutatu egiten dugula.

Taldea bizkaitarra da, Mungiakoa. Zu, berriz, tolosarra. Nola moldatzen zarete?
Beti esaten dugu taldea Mungiakoa dela. Gure basea han daukagu behintzat, nahiz eta Kris (abeslaria) bilbotarra eta ni tolosarra izan. Normalean hara joaten naiz, eta Mungian Josu eta Loreren etxean geratzen naiz lotan. Badakite niretzat esfortzu handia dela hara joaten ibiltzea, baina laguntzen naute, eta azken batean familia moduko bat sortu da gure artean. Horrela errazagoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!